"Sasoikako langileen egoera Arabako mahats eta patata bilketan" izeneko txostenaren aurkezpena

Sasoikako langileen egoerari buruzko txosten hau ez ohikoa da, izan ere, Arabako leku jakin batzuk hartzen ditu ardatz nagusi, aldi jakin batean, bilketa kanpainan hain zuzen. Gainera, Ararteko erakundeko hainbat langilek prestatu dute oso-osorik, bada erakundeak gai honi buruzko jarraipen-lana egin du azken zazpi urteotan. Beraz, txostenak oso ezaguna ez den errealitate baten ikuspegi zabala ematen du: urtea joan eta urtea etorri, garai honetan Arabako Errioxara eta Arabako beste toki batzuetara mahatsa eta patata biltzera joaten diren pertsonen bizi-baldintzak eta lan-baldintzak ezagutarazten ditu.

Txostena atontzeko, eskura zeuden iturri eta datu guztiak aztertu dira. Iturri-datuok ia beti zatizkoak eta oso sakabanatuak izan dira, eta guztiek ez dute fidagarritasun bera eskaintzen. Zenbaitetan, datu fidagarririk ezean, ustezkoak ematen dira, datu ezagunetan oinarrituta, baina ustezko datutzat jo behar dira.

Txosten berezi honetan lau gai hauek jorratzen dira:

1. Sasoikako langileen kontratazio-bideak eta horiek ekartzen dituzten arazoak.
2. Langile horien ostatu-baldintzak.
3. Sasoikako langileen seme-alabak eskolatzea.
4. Gizarteratzeko aukerak eta bazterturik geratzeko arriskuak.

Horrez gain, erakundeen parte-hartzea ere aztertzen da, hau da, zein eginkizun betetzen duten gizarte-eragileek eta zein erantzukizun dagozkien erakundeei.

Kezkatzeko arrazoi nagusiak

  • Kontratazio baldintzei buruz: azpikontratazioen hedadura eta horiek berekin dakartzaten arriskuak. Izan, betidanik izan dira bitartekoak; gaur egun, benetako mafiak daude, beren baldintzak inposatzeko gai direnak, bai sasoikako langileei, bai nekazariei berei, leku jakin batzuetan. Ondorio kaltegarriak eta esplotazio-arriskua atzerritarrek jasaten dute batik bat, bereziki Magrebeko gizonezkoek eta Portugaletik etorritako pertsona eta familiek. Oso gutxi ausartzen dira, ordea, egoera hori salatzera. Behar-beharrezkoa da lehenbailehen jokaera horien kontra borrokatzea, zuzeneko kontratua eta ordainketa orokortu arte.
  • Ostatu-baldintzei buruz: nekazari askok eskulana behar dutela eta ostatu egokirik ez dutela onartzen dute. Hala ere, erkidegoan oraindik oso ekimen gutxi sustatzen dira gabezia horri aurre egiteko, eta egoera onartezinak ageri dira, higiene edo segurtasunezko gutxieneko baldintzarik gabekoak. Kanpalekuetara eta erabilitako ostatuetara joan besterik ez dago hori ikusteko. Ararteko erakundeak (1997 eta 2000 urteetan gai honi buruzko bi gomendio orokor egin zituen) oraindik ere behin eta berriz adierazten du administrazio eskudunek egoera horri aurre egin behar diotela, dituzten bitarteko guztiak erabiliz: plangintza- eta erregulazio-tresnak, lokalak egokitzeko laguntza-bideak, ikuskatzeko bideak.
  • Sasoikako langileen seme-alabak eskolatzeari buruz: urrats garrantzitsuak egin dira: gizarte-hezkuntzako egitarauak, ikastetxeetan laguntzeko irakasleak, garraiorako eta jantokirako laguntzak¿ Alabaina, benetan lortu den eskolatze-maila oraindik oso eskasa da: ez da alde horretan dauden adin txikikoen % 40ra iristen, eta, eskoletara egunero joaten direnen kopurua, berriz, portzentaje horren erdia da. Lehenbiziko helburua adin txikiko horiek guztiak eskolatzea da, eta hori bezain garrantzitsua da adin txikiko horiei beren premien araberako hezkuntza-erantzuna ematea.
  • Gizarteratzeko aukerei eta bazterturik geratzeko arriskuei buruz: badute zerikusirik langile horien bizi-baldintzekin edo lan-baldintzekin. Zenbat eta baldintza hobeak, orduan eta gizarteratzeko aukera gehiago. Gizartea sentsibilizatzen jarraitu behar da, gizarteeragileen parte-hartzea sustatu behar da, eta erdeinuei aurrea hartu behar zaie, edo eragotzi egin behar dira.
  • Erakundeen parte-hartzeari buruz: sasoikako langileen arazoak, jakina denez, maila ezberdinetako -tokiko, lurraldeko, erkidegoko, Estatuko¿- hainbat administrazio eta zerbitzuri dagozkie. Horren ondorioz, nekezagoak izan daitezke hobekuntza-jarduerak, eta ezinbestekoa da koordinazioa errazteko foroak egotea, edo, gutxienez, informazioak trukatzea eta egitarauen bilakaera aztertzea.

Txostenean 17 gomendio egiten zaizkie administrazio eskudunei. Honako hauek dira:

Erakunde eta zerbitzuen parte-hartzeari buruzko gomendioak:

  • Sasoikako lanaren Mahaiaren ¿edota antzeko tresna baten- zeregina indartu behar da, erakundeen arteko koordinazio-mekanismo gisa
  • Ukitutako administrazio guztien erakundeek hartu behar dute parte arazo honetan
  • Zerbitzu jakin batzuen erantzun-gaitasuna gehitu behar da aldi baterako behintzat, arazoa duten

Kontratazio-baldintzak kontrolatu eta hobetzea:

  • Kontratazioak euren jatorrian bultzatu behar dira
  • Azpikontratazioak salatu eta ikertu behar dira
  • Kontratazio-izapideak erraztu behar dira, eta, horrekin batera, Lan Ikuskatzailetzaren esku-hartzea gehitu behar da
  • Sasoikako lan-poltsen sorrera edo kudeaketa sustatu behar da
  • Araban, nekazaritzako hitzarmena negoziatu behar da

Ostatu-baldintzak hobetzea

  • Sasoikako langileen ostatu-baldintzak arautu behar dira
  • Bide zehatzak antolatu edo erabili behar dira, erakundeek laguntza eman dezaten, eta, laguntza horri esker, lokalak ostatu moduan atondu edo presta daitezen
  • Aterpetxeak edo gizarte-ekipamenduak sustatu eta suspertu behar dira
  • Lokalen gaineko kontrola eta ikuskapena argitu eta garatu behar dira

Sasoikako langileen familiei dagokienez, hobekuntzak egitea adingabeak eskolatzeko eta horiei laguntza emateko

  • Adingabeen eskolatze-maila handitu behar da, horretarako beharrezkoak diren bide guztiak jorratuz
  • Ikastegien hezkuntza-erantzuna hobetu behar da
  • Gizarte-hezkuntzako programei eutsi behar zaie, eta horiek zabaldu egin behar dira

Gizartea sentsibilizatzea eta sasoikako langileak gizarteratzea

  • Gizartea sentsibilizatzeko programak eta jarduerak gauzatu behar dira
  • Sasoikako langileei argibideak eman behar zaizkie, euren eskubideei buruz, euren betebeharrei buruz, bai eta eskura dituzten zerbitzuei buruz ere

Vitoria-Gasteizen, 2002ko urriaren 11a


Lotutako dokumentazioa

Sasoikako langileen egoera Arabako mahats eta patata bilketan Sasoikako langileen egoera Arabako mahats eta patata bilketan