SEXU-ESPLOTAZIORAKO PERTSONEN SALEROSKETA EAEn

Arartekoak sustaturiko ikerlana da, \"Juan San Martín\" giza eskubideen bilduman argitaratua

Pertsonen salerosketak hedadura kezkagarria du mundu osoan, doilorkeria lazgarrietako bat da, gizakia objektu bihurtzen baitu, merkantzia hutsa.

Zehazkiago, legez kontrako merkataritza horren alderdirik ankerrenetako bat pertsonak, batez ere emakumeak eta neskatoak -horiek baitira biktima nagusiak sexu-esplotaziorako salerostea da. Munduan emakumeen eta gizonen artean oraindik bizirik dirauen desberdintasun unibertsal eta estrukturalaren adierazgarri bereziki zitala da, zalantza barik.

Europako Batzordeak 2018. urtearen amaieran argitaratu zuen bere bigarren txostena, Europan pertsonen salerosketaren kontra borrokatzen eta biktimak babesten egin den aurrerapenaz. Bertan adierazi zuenez, salerosketaren 20.532 biktima erregistratu dira Europar Batasunean, eta horietatik %56, hau da, 11.000tik gora, sexu-esplotaziorako ziren.

Euskadin ere gertatzen da fenomeno hori, nahiz eta oso datu mugatuak dauden, ez oso adierazgarriak. Horregatik guztiagatik, Euskadin gizarte-talde bereziki kalteberen giza eskubideak zenbateraino ezartzen diren jakiteko asmoz Arartekoak ematen duen ikerketa-bekaren esparruan, Hautaketa Batzordeari (Arartekoko eta Euskal Herriko Unibertsitateko ordezkariek osatua) interesgarria iruditu zitzaion Euskal Autonomia Erkidegoan pertsonak sexu-esplotaziorako salerosteari buruzko ikerlana egitea, Izaskun Orbegozo Oronoz ikerlariak aurkeztutakoa.

Azterlanean jasota daude EAEn pertsonak sexu-esplotaziorako salerostearen egoera, hori prebenitzeko, antzemateko eta biktimak babesteko politika publikoak, erakundeen, gizartearen eta elkarteen programak. Horrela, 24 ondorio atera dira gai hauen gainean: fenomeno horren ezaugarriak, daturik eta informaziorik ez izatearen arazoa, delitua esestea, baita ere erakundeek biktimen beharrei ematen dizkieten erantzunak.
26 proposamen ere egin dira, sexu-esplotaziorako salerosi dituzten biktimen egoera hobetzeko; besteak beste, azpimarragarriak dira honako hauei dagozkienak: legezko babesa, poliziaren ikerketa eta zigortzeko prozedura, eta eragile publiko nahiz pribatuen arteko koordinazioa hobetzea.

Garrantzitsua da pertsonak salerosten diren egoerak antzematea; horrez gain, ikuspegi kritikotik aztertu behar dira delitua esestearekin lotuta dauden neurrietako batzuk, eta biktimak eraginkortasunez eta iraunkortasunez babestu behar dira. Horregatik, Arartekoaren iritziz, sakon hausnartu behar dira, nahitaez, gaur egungo erantzunak taxutzen dituzten osagaietako batzuk.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko ekainaren 2a


Lotutako dokumentazioa

Sexu-esplotaziorako pertsonen salerosketa Euskal Autonomia Erkidegoan