“Shame - European stories” erakusketa

Manuel Lezertua arartekoa “Shame - European stories” erakusketaren inaugurazioan izan da gaur, Bilbon. Justice Initiative programaren, Guido Fluri fundazioaren eta Infancia Robada elkarte nazionalaren ekimen bat da hori, eta haurtzaroan eta nerabezaroan hainbat eremutan sexu-abusuen biktima izan ziren haur eta nerabeen argazkiak eta lekukotzak biltzen ditu.

Bere mintzaldian, arartekoak biktimen mina ohoratu nahi izan du, gertatutakoa aintzatetsiz.

Adierazi duenez, “Arartekoa bezalako erakunde batentzat, eskubideen urratze larri hori ezin da entzuteko jarrera hutsean geratu. Kontakizun horiek bultza egiten diote berriro gerta ez daitezen eskatzera, indarkeriarik gabeko haurtzaroak bermatzeko moduak bilatzera eta kaltea konpontzera, baldin eta, zuhurtasun-neurri guztiak hartu arren, hura gertatzen bada”.

Horrela, horren erakusgarri onenetako adibidetzat, Lezertuak maiatzaren 18ko 2/2021 Gomendio Orokorra aipatu du, non Arartekoak jarduteko jarraibide zehatzak proposatzen dituen Euskadin haur eta nerabeen kontrako sexu-abusuak eta sexu-esplotazioa gertatzen direnean. 

Vitoria-Gasteiz, 2023ko otsailaren 16a