TALDE JAKIN BATZUEK SEKTORE PRIBATUAN ETXEBIZITZA BAT ESKURATZEKO IZATEN DITUZTEN ARAZOENGATIK KEZKATUTA DAGOELA ADIERAZI DIO ARARTEKOAK EUSKO JAURLARITZARI

Ofiziozko jarduera bat hasi du, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari informazioa eskatzeko egoera horiei aurre egiteko neurri zehatzen eta halakoak diseinatzeko aurreikuspenen gainean.

Arartekoak gizarteko zenbait talde eta elkarteren kexak jaso ditu. Azaldu dutenez, talde jakin batzuek arazoak izaten dituzte sektore pribatuan etxebizitza bat eskuratzeko. Bereziki aipatu dituzte nazioarteko babesa eskatzen duten pertsonak eta errefuxiatu estatutua aitortu zaienak, baita etnia eta kultura gutxiengoetako beste talde batzuk ere, hala nola musulmanak eta ijitoak.

2017an, Eraberean sareak (migratzaileak, ijitoak eta LGTBI pertsonak diskriminatzearen kontra borrokatzeko asmoz Eusko Jaurlaritzak sustaturikoa), etxebizitza eskuratzeko orduan diskriminazioa pairatu zuten asilo-eskatzaileen 28 kasu antzeman zituen, behar bezala dokumentatuak.

SOS Arrazakeriaren Estatuko Federazioak ere, 2015. urtean, "Puertas que se cierran" izenburuko testing bat egin zuen, atzerritarrek alokairuko etxebizitza eskuratu ahal izateari buruz. Telefonozko testing-ean lortutako datuen arabera, higiezinen agentziek alokairuko etxebizitza ukatu zieten beste herrialde batzuetako etxebizitza-eskatzaileen %69,8ri, eta bertakoen artean, %30,2ri. Aurrez aurreko testing-ak agerian utzi zuen etxebizitza ukatu zitzaiela beste nazionalitate batzuetako %86,7 laguni.

Hainbat taldek ezin dute etxebizitzarik alokatu, nahiz eta laneko diru-sarrerak dituzten edo prestazio ekonomikoak jasotzen dituzten; pertsona horiek egoera hori nozitzen dute eta, hortaz, berariazko neurriak abiarazi behar dira.

Ofiziozko jarduera honen bitartez, Arartekoak jakin nahi du Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak zer iritzi duen etniagatik edo kulturagatik, edo gizarte- eta ekonomia-egoeragatik, etxebizitzaren sektore pribatuan gertatzen den diskriminazioaren aurka babes juridikoa eman dezaketen neurriak hartzeko premiaz. Etxebizitzaren Legeak berak onartzen du etxebizitzaren merkatu pribatua dela herritarrei etxebizitza gehien ematen dizkiena, hau da, etxebizitza gehienak egile pribatuen mende daudela.

Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak "Etxebizitzaren Gida Plana 2018-2020" deritzanaren gidalerro nagusiak aurkeztu ditu. Dagoen informazioaren arabera, gida plan berriko xedapenetan gizarte-eduki garrantzitsua hartu da kontuan.

Etxebizitza izateko benetako eskubidea bermatzeko obligazioak zenbait neurri ere hartu beharko lituzke bere baitan, talde jakin batzuei etxebizitza eskuratzea eragozten dieten portaera diskriminatzaileei aurre egiteko.

Etxebizitzaren Legeak zenbait betebehar ezartzen ditu babes publikoko etxebizitza bat eskuratzeko edo prestazio ekonomiko bat jasotzeko. Arartekoaren ustez, lege horrekin batera, sail horrek neurri batzuk diseina litzake, talde jakin batzuetako kideek etxebizitza bat alokatzeko orduan jasaten duten diskriminazioari aurre egiteko. Neurri horien artean aintzat hartu beharko lirateke bai prebentzioa, bai biktimak babestea eta horiei kalte-ordaina ematea.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko maiatzaren 24a