TOLOSAKO UDALARI GOMENDATU DIOGU EZ DIEZAIELA LAGUNTZA PUBLIKORIK EMAN SEXUA DELA ETA DISKRIMINATZEN DUTEN ELKARTEEI

Tolosako biztanle bat Arartekora etorri zen honako egintza hauek salatzera: hasteko, elkarte batek ez zuen onartu ihauterietan emakumeak "Ostegun gizen" izeneko afarira joatea. Elkarte horretako kide zenez, aurreko urteetan proposamen bat egin zuen, elkarte horren eraikinean urtero "Ostegun gizen" ospatzeko egiten den afarira emakumeei joaten ez uzteko ohitura amai zedin.

Ekimen horren aurreko erreakzio gisa, aldaketa bat egin zen afarirako izena emateko ohiko prozeduran: zerrenda batean idaztea elkartekidearen izena (gizonezkoak bakarrik dira) eta haren gonbidatuena (gehienez ere bi). Formula berri horren ondorioz, gonbidatuen izen-abizenak idatzi beharra zegoen, izena emandakoen artean emakumerik ba ote zegoen jakiteko. Handik aurrera, izena emateko ohiko epeari hiru eguneko beste epe bat eransten zitzaion, apuntatutako izenak ikusita, beraien izena ezabatzeko aukera izan zezaten hala nahi zutenek. Prozeduraren aldaketa hori elkarteko presidenteak onartu eta ezarri zuen, eta gero elkartekideen batzarrak berronetsi zuen.

Ihauterien hurrengo edizioan, kexa hau egin duen pertsonak erabaki zuen kide gisa apuntatzea ohiko afarira, bi emakume gonbidaturekin batera; haien izenak idatzi behar izan zituen, arau berrien arabera. Biharamunean, zerrenda hartan zirrimarratuta agertzen ziren izena emandako kide guztiak eta beraien gonbidatuak, kexa hau jarri duen gizona eta bere bi gonbidatuak izan ezik. Horrela bada, afaria hiru pertsona horiekin bakarrik egin zen, hasieran izena eman zuten kide guztiak (denak gizonezkoak) elkartearen gizarte-egoitzatik gertu zegoen lokal batean afaldu zuten bitartean, elkartearen egoitzan afaria zerbitzatu behar zuen enpresak berak zerbitzatuta.

Egoera hori ikusita ¿horren arrazoi bakarra "Ostegun gizen"eko afarian emakumeak egotea izan zen eta kontuan hartuta, kide horren ustez, afari hori antolatzeko, elkarteak agian udalaren nolabaiteko laguntza jasoko zuela, kexagileak erabaki zuen Tolosako Udalari laguntza eskatzea, Tolosako Berdintasunerako Udal Ordenantzaren argitan, informatzeko espediente bat has zezan eta txosten bat egin zezan elkarte hori emakumeen kontra egiten ari zen balizko diskriminazioari buruz.

Udalak erantzun ez zuenez gero, herritar hori harremanetan jarri zen udalaren berdintasunerako arduradunarekin. Hark jakinarazi zion elkartearen zuzendaritza berarekin elkartzeko prest zegoela, gai horretaz hitz egiteko.

Orduan Arartekora etorri zen, izan ere, bera ¿gizabanako eta elkartekide gisa elkarteko arduradunekin bildu badaiteke ere, Tolosako Udalak ez dio erantzun egokia eman berak egindako laguntza-eskaerari, ezta ere Tolosako Berdintasunerako Udal Ordenantzaren argitan abiarazi beharko liratekeen neurriak aztertzeko eskaerari.

Tolosako Udalari gogorarazi diogu ezin diela laguntza publikorik eman beraien antolaketan, jardunean edo ekintzetan berdintasun-irizpideak betetzen ez dituzten elkarteei, eta, gaur egun halakorik gertatzen arituko balitz, udalak amaiera eman beharko liokeela horrelako edozein udal laguntzari.

Horregatik, Tolosako Udalari gomendatu diogu:

· Ez diezaiola eman edo, hala gertatzen ari bada, edozein laguntza publiko ken diezaiola elkarte gastronomiko horri, baita herriko beste elkarte batzuei ere, baldin eta beraien onarpen-prozesuan edo jardunean sexua dela eta diskriminatzen badute edo, justifikazio objektibo eta arrazoizkorik gabe, emakumeak kanporatzen dituzten ekintzak antolatzen badituzte.

· Arlo zehatz horretan, zenbait neurri susta ditzala genero-estereotipoak kentzeko eta ekintza positiboa bultzatzeko.


Vitoria-Gasteiz, 2016ko otsailaren 3a