Urriak 10. Osasun Mentalaren Munduko Eguna

FEDEAFESek antolatutako ekitaldi batean parte hartu du Arartekoaren ondokoak, eta nabarmendu du osasun mentalari buruzko jarduera-plan espezifiko bat barne hartzen duen osasun-estrategian sakontzen jarraitu behar dela, laguntza soziosanitarioko zerbitzu-sare egoki batekin

Gaur ospatzen da Osasun Mentalaren Munduko Eguna, Osasun Mentalaren Munduko Federazioak sustatua, arazo psikikoak dituzten pertsonen beharrak ezagutarazteko. Urtemuga hori dela medio, FEDEAFESek (Buru Gaixotasuna duten pertsona eta senide elkarteen Euskadiko federazioa) ekitaldi bat burutu du gaur Gasteizen, eta bertan parte hartu dute Inés Ibáñez de Maeztu arartekoaren ondokoak eta beste erakunde batzuetako ordezkariek.

Bere mintzaldian, arartekoaren ondokoak esan du “inori ez zaizkiola kendu behar bere giza eskubideak edo inor ez dela utzi behar bere osasunari buruzko erabakietatik kanpo osasun mentaleko arazo bat izateagatik”. Nabarmendu duenez, “Horretarako, osasun mentalari buruzko jarduera-plan espezifiko bat barne hartzen duen osasun-estrategian sakontzen jarraitu behar da, laguntza soziosanitarioko zerbitzu-sare egoki batekin; gaixotasun mentalari lotzen zaion estigmaren kontra borrokatzen jarraitu behar da; eskola inklusibo eta osasungarriak sustatu behar dira; eta zerbitzu espezializatuak, diziplina anitzekoak eta ikuspegi komunitarioa dutenak garatu behar dira”.

Orobat, Ibáñez de Maeztuk azpimarratu du Arartekoak beti arreta berezia eskaini izan diela gaixotasun edo nahasmendu mentala duten pertsonei, eta hala egiten jarraituko duela, bereziki kalteberak direlako.

ARARTEKOAREN ONDOKOAREN INTERBENTZIOA

Vitoria-Gasteiz, 2023ko urriaren 10a