Ustelkeriaren kontrako Estatuen Taldearen (GRECO) txostena, gomendioak betetzeari buruz

Europako Kontseiluko Ustelkeriaren kontrako Estatuen Taldeak (GRECO) jarraipen-txosten bat argitaratu du, Parlamentuaren, Epailetzaren eta Fiskaltzaren esparruan ustelkeria prebenitzeko asmoz Espainiari 2014an egin zizkion gomendioak gauzatzeaz.

Betetzat jo du Kongresuan eta Senatuan kode etikoa onartzeko gomendioa. Talde horren iritziz, 2020ko urriko Kode Etikoa agiri osoa eta ondo pentsatutakoa da, ezartzeko eta zigortzeko mekanismo eraginkorrak dituena, eta barne hartzen ditu isilpeko aholkularitza eta Kongresuko eta Senatuko kideak sentsibilizatzea. Aldiz, Kongresuko eta Senatuko kideek "lobby"ekin dituzten harremanak arautzeko gomendioa neurri batean bakarrik bete dela uste du, izan ere, Kode Etikoak gai horren gaineko alderdi garrantzitsu batzuk jasotzen ditu, baina ez denak.

Betetzat jo du Kongresuko eta Senatuko kideen interesak zehatzago adierazteko gomendioa, baina adierazten da komenigarria litzatekeela gai hauei buruzko informazioa ematea: ondasun higiezinen eta ibilgailuen merkatuko balioa, Kongresuko eta Senatuko kideek zein enpresatan dituzten akzioak, edo zer interes ordaindu dituzten hartutako maileguengatik.

Botere Judiziala dela eta, txosten berri honetan nabarmentzen da Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko bokal judizialak epaileek eta magistratuek berek aukeratu behar dituztela, ez Parlamentuak. Bere ustez, gomendio hori ez da bete. Epailetzako postu gorenetarako epaileak eta magistratuak izendatzeko irizpide objektiboak ezartzeko gomendioari buruz, GRECOk uste du neurri batean bete dela, izan ere, oraindik hobetu daiteke oraingo araudia, diskrezionalitate elementu batzuk ken daitezke, eta genero-berdintasuna hobetu. Adierazi duenez, herritarren ikuspegitik, oraindik ere zalantza-arrastoa dago, politizazioagatik.

Azkenik, Ministerio Fiskalaren inguruan, GRECOren iritzian, bete da kode etiko bat sortu eta ezartzeko gomendioa; Ministerio Fiskalean zigortzeko prozeduretarako esparru juridiko bat sortzeko gomendioa, ordea, neurri batean soilik gauzatu da, dagokion araudia oraindik egiten ari baitira. Neurri batean bakarrik bete direla uste du gai hauen gaineko gomendioak: Estatuko Fiskaltza Nagusia, hori aukeratzeko metodoa, Gobernuarekin dituen komunikazioen gardentasuna, autonomia handiagoa bere baliabideak erabiltzean