XIII. Fernando Buesa Mintegia

Bakea hau zen. Gizarteak trauma kolektibo baten ostean

Fernando Buesa Blanco Fundazioak eta Valentín de Foronda Gizarte Historiarako Institutuak XIII. Fernando Buesa Mintegia egingo dute gaur-biharretan, Gasteizen.

Gizarteek trauma kolektibo bortitz bat jasan badute, esaterako, gerraren bat edo terrorismoa (jatorria edozein izanda ere), nolabaiteko normaltasuna berreskuratzen saiatzen dira gertakari hura amaitzen denean. Hala ere, indarkeriak gizarte horiek baldintzatzen jarraituko du.

Horren haritik, indarkeria politikoa pairatu duten nazioarteko hainbat tokitako egoeraren berri emango da topaketan. Konparatzeko metodoa baliatu nahi da zenbait gai egiaztatzeko, honako hauek, besteak beste: ez dagoela adiera bakarreko eredurik; gizarteen izaerak berak eta traumak berak izugarri baldintzatzen dutela trauma osteko egoera, eragina duela errealitate berrian, eta horrexegatik dela berezia esperientzia bakoitza; biktimen egoerek edo oroimenaren eta traumaren memoria-politikek oso errealitate desberdinak azaltzen dituztela, e.a. Laburbilduz, adierazpen anitz ditugunez gero, konparazio erlatibista eta arretatsua egin behar dugu beste toki batzuetan emandako "konponbideak" geureganatzeko orduan.

Mintegi horretan izango da Manu Lezertua arartekoa, eta bertan parte hartuko dute, besteak beste, Álvaro Gil Robles Europako Kontseiluko Giza Eskubideen arloko komisario ohiak; Imanol Zubero soziologo eta EHUko irakasleak; Alberto López Basaguren EHUko Konstituzio Zuzenbideko katedradunak; eta María Oianguren Bakearen Aldeko Ikerketa Zentroko zuzendariak.

 

Vitoria-Gasteiz, 2015eko urriaren 29a