ANAI-ARREBA BIKIAK ESKOLATZEKO ORDUAN, FAMILIEN NAHIA AINTZAT HAR DADIN ESKATU DU ARARTEKOAK

Familia batek kexa egin zuen, izan ere, bere semeak eskolatzeko aukeratu zuen ikastetxean, anai-arreba bikiak bereizitako ikasgeletan eskolatzea beste aukerarik ez zen onartzen.

Nahiz eta, azkenean, ikastetxeko eskolatze-baldintzak onartu, Arartekoari esku har zezan galdegin zion, adin txikiko anai-arreba bikiak eskolatzeko orduan familien nahia aintzat hartzen ahalegindu daitezen.

Familia hori erakunde honek 2014. urtean egin zuen jarduera batean oinarritu zen kexa egiteko. Orduan, garai hartako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko arduradunak prest agertu ziren Arartekoak iradokitako jarduera aintzat hartzeko: hain zuzen, gurasoek aukera izan beharko luketela beren seme-alaba bikiak ikasgela berean edo ikasgela desberdinetan eskolatzea erabakitzeko orduan, eta horretarako jarraibide bat erantsi beharko luketela ikasturte hasierako ohiko ebazpenetan.

Kexa bideratzeko onartu ostean, erakunde honek jarduera berri bat hasi zuen Hezkuntza Saileko arduradunekin, kexa berriek agerian jarri baitzuten ez zela inolako jarraibiderik gehitu aurretiaz egindako gestioetan iradoki zitzaion bezala.

Arartekoak berriz egin du 2014ko iradokizun hura, eta Hezkuntza Sailari eskatu dio beraren mendeko ikastetxeei adieraz diezaiela anai-arreba bikiak eskolatzeko orduan komenigarria dela familien nahia aintzat hartzea.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko ekainaren 26a


Lotutako dokumentazioa

Arartekoaren 2018S-1208-16 Ebazpena, 2018ko ekainaren 4koa. Horren bidez, Hezkuntza Sailari iradokitzen zaio, komeni dela anai-arreba bikiak eskolatzeko kasuetan familien nahia kontuan hartzea.