Arartekoak 2023an Lanbideri bidalitako ebazpenak bildu ditu

Aurreko urteetan bezala, Arartekoak argitara eman du diru-sarrerak bermatzeko errentaren (DSBE) eta etxebizitzarako prestazio osagarriaren (EPO) arloan eman dituen ebazpenen laburpena. Aurten, bizitzeko gutxieneko diru-sarrerari (BGDS) dagozkionak ere sartu ditu

Agirian jasota daude 2023an Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailari egindako gomendio eta iradokizunak, Arartekoaren web orrian argitaratutakoak, baita horien laburpena ere. Era berean, adierazten da zer gomendio eta iradokizun onartu diren, zeintzuk dauden erantzunaren zain eta zeintzuk ez diren onartu. Emandako 10 ebazpenetatik 1 soilik onartu da, 7 ez onartutzat jo dira eta 2 amaiera-ebazpenak dira; azken horietan, bizitzeko gutxieneko diru-sarrerari buruzko jarduerak aztertzen dira. 

2023an bukatu diren kexa-espedienteetako asko ixtean, erakunde honek iritzi dio bideratu dela kexa eragin zuen arazoa, edo Lanbideren jarduera ez dela okerra izan. Nabarmendu behar da Arartekoak 2023an Lan eta Enplegu Sailari egin dizkion gomendiorik gehienak onartu ez diren arren, Lan eta Enplegu Sailak txosten bat bidali duela, ez onartzeko arrazoiak azalduz. Horren laburpena ere erantsi diogu bilduma honi.

Gainera, Arartekoaren iazko urteko txostenean azpimarratu genuen 2022. urtean egindako 9 gomendioetatik 7 erantzunaren zain zeudela. Horrela, 2023. urtean barrena jaso da gomendio haien gaineko erantzuna: haietatik 5 onartu egin dira eta 2 ez dira onartu. Agiri horretan ematen da, halaber, jasotako erantzunen berri.

Bilduman aztertzen dira DSBE eta EPO prestazioak ukatu, eten eta amaitzeari buruzko kexak, baita ordaindutako prestazioak erreklamatzeari dagozkionak. Aurten BGDSaren arloko jarduerak aztertzen dituzten ebazpenak ere sartu dira. Arartekoak bere analisian baloratu dituen kasuetan, Lanbideren jarduerak ez dauka arau-babes nahikorik edo jarduera hobetu liteke, administrazio onerako eskubidearen ikuspegitik begiratuta. Horri guztiari erantsi dizkio edozein administrazio-prozeduratan bete behar diren bermeei inguruko gogoetak, eta argi utzi du ez dagoela ados Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak indarreko araudiaz egiten duen interpretazioarekin edo elementu jakin batzuei beste froga-faktore batzuen aldean ematen zaien froga-garrantziarekin.

Azkenik, 2023an prozedura sinplifikatura jo da DSBE eta EPO prestazioen gaineko 15 kexa-espedientetan. Prozedura hori erabiltzen da kexa-espedienteetako litisa edo auzia Arartekoaren hainbat ebazpenetan aztertu denean, bi erakundeetako langileen arteko bileretan eztabaidatu denean eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak Arartekoaren gogoetak onartu ez dituenean.

BILDUMA

Vitoria-Gasteiz, 2024ko martxoaren 5a