ARARTEKOAK ADINGABEKOEI BALIOAK TRANSMITITZEARI BURUZKO TXOSTEN BEREZIA AURKEZTEN DU

Txosten honen aztergaia honako hau da, nagusiki: gure autonomia-erkidegoko adingabeek oinarrizko balio batzuk zenbateraino berenganatzen dituzten ala ez, eta balio horiek transmititu edo eraikitzean gizarte-eragileek zer indar edo eragin duten.

Ararteko erakundearen aburuz, balioen gaia funtsezkoa da. Egiaz, lehenagoko beste txosten batzuetan ere aztertu izan dugu gai hori, zehazki hezkuntza-sistemako bizikidetza eta gatazkak aztertu genituen txostenean (2006. urtearen bukaeran argitaratua), eta, berrikiago, terrorismoaren biktimei buruzko txostenean. Oraingo honetan, azterketa sistematikoagoa da, eta bereziki balio nagusi batzuk hartu dira kontuan: sexuaren, jatorriaren, etniaren, ezgaitasunaren edo sexu-joeraren araberako desberdintasuna onartzea; indarkeria terrorista gaitzestea edo onartzea; ingurumena errespetatu eta zaintzea... Balio horiek funtsezkoak dira gero eta askotarikoagoa den gizarte batentzat, gizarte horretan denen eskubideak gehiago errespeta daitezen eta bizikidetza baketsua izan dadin.

Sozializazio-eragile edo balioak helarazteko eragileei dagokienez, eragile klasikoak aztertu dira (familia-ingurunea, eskola-ingurunea, berdinen taldea, eta abar), baina gero eta indar handiagoa hartzen ari diren beste batzuk ere bai, hala nola hedabideak edo teknologia berriak, gure adingabeek sarri erabiltzen baitituzte eta beraien artean gero eta zabalduago baitaude.

Asmo handiko txostena da, bai helburuen aldetik bai metodologiaren aldetik. Are gehiago, esan genezake txosten batean bateratutako hainbat txosten ditugula hemen, kontuan hartu diren gaiak, aztertu diren adinak nahiz informazio-iturriak askotarikoak izaki. Horrela, txostenean hiru adin-talde bildu eta sistematikoki aztertu dira. Adin-talde horiek bat datoz hezkuntzako hiru ziklo edo etaparekin: 8-10 urte (Lehen Hezkuntzako 2. zikloa); 10-12 urte (Lehen Hezkuntzako 3. zikloa); 12-16 urte (DBH). Horretarako, propio taxuturiko galdera-sortak erabili dira 1.829 ikaslez osatutako lagin zabal batekin. Horrez gain, eztabaida-talde batzuen bidez, nerabeen beren, haien aita-amen, irakasleen eta hezkuntzako beste profesional batzuen iritziak eta proposamenak jaso dira. Txostenetan bertan, bereiz aztertzen da adin bakoitzerako lortu den informazioa, zein bere kapituluan (ikusi txostenaren bigarren zatia, 1, 2 eta 3. idatz-zatiak).

Galdera-sorten bitartez eskuratu diren datuak aztertzeko, hainbat aldagai baliatu dira: sexua; adina; jatorria; hezkuntza-sarea; lurralde historikoa; hizkuntza-eredua... Emaitzetan aldagai horien araberako alde esanguratsuak aurkitu direnean, datuak xehatuta ematen dira.

Baina, hiru adin-tarteez edo aintzat hartutako aldagaiez gain, badugu beste arrazoi bat txosten honetan hainbat txosten bildu ditugula esateko: informazio asko eta askotarikoa bildu dela. Honelako informazioa, hain zuzen:

- Zer balio- eta kontrabalio-eskala duten.
- Zer gizarte-eragileri ematen dioten balio handiagoa edo balio gutxiago.
- Zer praktika dituzten, esate baterako, teknologia berrien erabileran.
- Nola erabiltzen duten aisialdia.
- Zenbaterainoko tolerantzia- edo intolerantzia agertzen duten desberdintasun jakin batzuen aurrean.
- Zenbateraino dauden konprometituta ingurumenarekin.
- Zer jarrera duten ETAren eta indarkeria erabiltzearen aurrean, baita tortura eta tratu txarren edo presoen eskubideen aurrean ere...


Arlo horietako bakoitza, berez, txosten bat osatzeko lain litzateke. Horrenbestez, ez da erraza, hainbeste gairen artean, garrantzitsuenak edo kezkagarrienak zeintzuk iruditzen zaizkigun adierazi edo nabarmentzea. Gure ustez, ikuspegi orokor batetik, ondorengo zortzi hauek nabarmendu behar dira:


1) Desberdintasuna ez onartzea

Pertsona guztiak errespetatzea eta desberdintasuna onartzea hartu nahi izan dira, zalantzarik gabe, txosten honen ardatz nagusi gisa. Desberdintasunek zein jatorri duten, aldatu egiten dira tolerantzia eta intolerantzia mailak, txostenean ikusten denez. Halaber, adingabeen sexuak ere aldaketak eragiten ditu: neskek, oro har, errespetu eta tolerantzia handiagoak erakusten dituzte. Jarrera horien bilakaera arretaz aztertu beharko litzateke. Gai horri dagokionez, kezkagarriena zera da: bide egokian zenbait urrats egin diren arren, intolerantziaren seinale garrantzitsuak ikusten direla oraindik ere, sexismo, arrazismo, xenofobia edo homofobia moduan. Beraz, oraindik asko dago egiteko desberdina onartua izan dadin, eta hori ezinbestekoa da gero eta pluralagoa den gizarte batean.

2) Eskubideak gutxi errespetatzen dituzten jarrera edo jokabide batzuen hedadura

Jokabide horien artean daude, esate baterako, zigor fisikoa gizartean onartuta egotea edo zigor fisikoaren erabilera zabalduta egotea (belarrondokoa, portaerak zuzentzeko erabil daitekeen tresna gisa); edo indarkeria onartu eta erabiltzea gatazkak konpontzeko bide gisa, bai berdinen arteko bizikidetzan, bai gizarteko edo politikako arazoetan ere.

3) Adinean aurrera egin ahala gertatzen diren eboluzio negatibo batzuk

Espero izatekoa litzateke adinean aurrera egin ahala, funtsezko balioak gehiago finkatzea, ardura handiagoa, errespetu handiagoa izatea, e.a. Txostenak agerian uzten du ez dela beti hala gertatzen, ezta oso arlo zehatzetan ere, hala nola familia-inguruneko zeregin berezietan edo irakurketan (zenbat eta nagusiago izan, orduan eta liburu gutxiago irakurtzen dituzte).

4) Hezteko eginkizuna betetzen ez duten familiak egotea

Txosten honek argi erakusten du, erakutsi ere, familiak nolako garrantzia duen balioen transmisioan. Ez dago pareko garrantzirik duen beste gizarte-eragilerik. Horregatik, hain zuzen, kezkagarria da ikustea familia frankok ez dutela betetzen hezteko duten eginkizuna, hainbat arrazoi direla medio (astirik ez; gaitasunik ez; eredu txarra; kontrabalioak bereganatu eta transmititzea; eta abar).

5) Teknologia berriak eta hedabideak gehiegi edo era kaltegarrian erabiltzea

Ziurrenik, arlo horri buruzko beste txosten batzuk egin beharko dira aurrerago, bereziki aztertzeko. Beste arrazoi batzuen artean, azkar eta etengabe aldatzen ari delako. Dena dela, nahiz eta txosten honetan alderdi hori ia zeharka aztertu den, dagoeneko datu ugari ditugu esku artean gazteek IKTak (zehazki, telebista, bideo-jokoak, Internet, sakelako telefonoa) zuzen edo gehiegi erabiltzeari buruz, eta erabilera horietako batzuk haien garapenerako kaltegarriak dira, argi eta garbi: denbora luzeegian erabiltzea; gurasoen kontrolik gabe edo ia kontrolik gabe; praktika arriskutsuak (datu pertsonalak ematea, ezezagunekin hitzorduak jartzea, sarean jazartzea edo jazarria izatea, eta abar); bideo-joko sexista edo indarkeriazkoak kontsumitzea (mutilen artean, batik bat); telebista aurrean ordu gehiegi ematea (gainera, arrazoi horregatik eztabaidak sortzen dira), eta abar.

6) Arlo honetan eskolak duen betekizun mugatua

Datu guztiek agerian uzten dute eskolak balioen transmisioan duen betekizuna mugatua dela; horrek ez du esan nahi, ordea, garrantzirik ez duenik. Hori, berez, ez litzateke datu kezkagarri bat, egiaztapen bat baizik. Kezkagarria, benetan, zera da: hori horrela izanik, hezteko eginkizun osoa eskolari bizkarreratzen jarraitzen dugula, eta ez diogula arretarik eskaintzen hori bezain garrantzitsuak edo garrantzitsuagoak diren beste eragile batzuei, hala nola familiari edo teknologia berriei eta hedabideei. Koherentziagatik baino ez bada ere: batak besteak egindako eraikitze-lana ez eraisteagatik.

7) Kontrabalio jakin batzuek duten hedadura eta garrantzia

Hemen kontuan hartu diren balio-eskalen artean, balio materialistak nagusitzen dira batez ere, haietako asko kontsumoari eta modei lotuak.

Jakina, gizarteko giroan dauden balioak eta kontrabalioak dira, ez adingabeenak bakarrik, ez eta haiek sortuak ere, baina horrek ez du kezka gutxitzen.

8) Nerabe batzuek ETAren aurrean dituzten jarrerak

Gure gizartean ETAren indark


Lotutako dokumentazioa

Adingabekoei balioak transmititzea