ARARTEKOAK AZALDU DU UDALEN ESKU HARTZEA BEHARREZKOA DELA DIOGENESEN SINDROMETIK ETA ANTZEKO NAHASMENDUETATIK ERATORRITAKO HONDAKINEN PILAKETEN ONDORIOZ ETXEBIZITZA BATZUETAN DAGOEN OSASUNGARRITASUN EZA KONPONTZEKO

Arartekoak gomendio bat egin dio Bilboko Udalari, hondakin kopuru handi bat pilatu den etxebizitza bateko osasungarritasun eza konpontzeko esku har dezan.

Higiezin baten jabekideen komunitate batek etxebizitza bateko osasungarritasun eta higiene eza azaldu zigun. Bertan, ustez Diogenesen sindromea deitzen den gaixotasun bat zeukan pertsona bat zendu zen. Higiezin horretako auzotarrak etxebizitzan pilatzen zuen zikinkeriaren ondoriozko eragozpenen kexu ziren. Etxebizitzaren titularra hil zenez eta jaraunslerik ez zegoenez, ezin zen jabetzan esku hartzeko eskatu. Horregatik, agintaritza eskudunaren esku-hartze subsidiarioa proposatu zen, zikintasunak eragindako eragozpenak eta horrek eraikinean sor litzakeen infekzio-fokuak saihesteko.

Gure eskaerari erantzunez, Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Sailak bisita bat egin zion etxebizitzari. Etxebizitzaren kanpoaldearen ikuskaritzan, inork ez zuen atea ireki eta ez ziren osasun publikorako arriskua adierazten zuen kanpo aztarnarik antzeman. Txostenak adierazi zuenez, garbiketa etxebizitzaren jabeari zegokion, eta udalak agintaritza judizialaren berariazko aginduaz baino ez du jabetza pribatuan jarduten.

Kasu horretan, gertakariek etxebizitzan egon daitekeen osasungarritasun eza ohartaraztea eragin digute. Horregatik, Bilboko Udalari etxebizitza bateko osasungarritasun eza konpontzeko esku har dezan gomendatzen diogu. Izan ere, udal administrazioaren erantzun azkarra behar da etxebizitza ikuskatzeko. Jabea ez zegoenez, ezin izan zen etxebizitzaren barrualdea ikuskatu, eta hori ordenamenduak aurreikusten dituen beste proba-mekanismo batzuen bidez (salatzaileek aurkeztutako deklarazio eta frogak, beste erakunde batzuen txostenak, gizarte zerbitzuen informazioa¿) zuzendu behar da.

Edonola ere, bildutako ebidentziak ikusita, uste dugu osasungarritasun publikoko betebeharrak betetzen direla bermatzeko neurriak hartu eta egokiak diren betearazpen aginduak eman behar direla.

Arartekoaren gomendioak orobat proposatzen du horrelako kasuetan esku hartzeko jarduteko udal protokolo bat egin dadila, salbuespenezko inguruabar pertsonal baten ondorioz (hala nola Diogenesen sindromea edo antzeko nahasmenduak) etxebizitzetan ohiz kanpoko hondakinen pilaketa bat gertatzen denerako.

Kasu horietan, udalaren esku-hartzeak koordinazioa eskatzen du udaleko hainbat arlo eta zerbitzuren artean (osasun publikoa, hirigintza, gizarte zerbitzuak). Era berean, administrazioaren jardunak era azkarrean ebatzi behar du, jabetzatik eratorritako betebeharrak eta eskubideak zehaztuz eta konstituziozko garantiak, hala nola beharrezkoa den baimen judiziala lortu ondoren bizilekuan sartzea, zainduz

Gasteiz, 2013ko abenduaren 16a


Lotutako dokumentazioa

Arartekoaren ebazpena, 2013ko abenduaren 9koa. Ebazpen honen bitartez, Bilboko Udalari gomendatzen zaio etxebizitza batean esku hartzeko, haren osasungarritasunik eza dela eta.