Arartekoak bere kezka agertu du, familiarik gabe dauden adingabe atzerritarrak aberriratzeko instrukzioa dela eta

Mertxe Agundez jarduneko arartekoak bere kezka agertu du Estatuko Herri Salataritza Nagusiak emandako instrukzioaren gainean. Izan ere, instrukzio horren arabera, aberriratu egingo dituzte Espainian legez kontra sartu nahi duten familiarik gabeko adingabe atzerritarrak, 16 urtetik gorakoak.

Ararteko zera adierazi du "adingabeek, oro har, eta bakarrik dauden adingabe atzerritarrek, bereziki, babestu beharreko talde ahulenetako bat osatzen dute".

Gainera, "adingabearen interes gorenari ez zaio gailendu behar beste inolako arrazoirik" eta "edozein neurri hartzerakoan, adingabe atzerritar bakoitzaren zertzeladak aztertu behar dira, bere egoera besteetatik bereiz tratatuz".

Mertxe Agundezen ustez, "instrukzio horrek, dagoen dagoenean ezarriz gero, 16 urtetik gorako adingabeei babesik eza sor liezaieke; izan ere, testu horrek burujabetzat jotzen ditu adingabeok, eta zalantzan jartzen du horien babesik eza".

Arartekoak honako hau nahi du "gero eta sarriago gertatzen den fenomeno horren aurrean -bakarrik dauden adingabe atzerritarren etorrera-, elkartasunezko eta gizarteratzearen aldeko jarduerak burutzea, gazte horiek gizarteratzeko neurri sozialak eta hezkuntzakoak hartuz".

Bukatzeko, Mertxe Agundezek Espainiako arartekoaren eta beste erakunde eskubide bermatzaile batzuen alde egin du kontu honetan, eta horien jarduerari esker, Herri Salataritza Nagusiaren instrukzio hori berriz aztertzea nahi du, adingabeen eskubideak babesteko duten zeregin garrantzitsua betetzeko.

Vitoria-Gasteiz, 2003ko urriaren 31