Arartekoak Bilboko Udal Etxebizitzak erakundeari gomendatu dio beharrezko neurriak har ditzala familia bati etxebizitza duin eta egokia izateko eskubidea bermatzeko

Herritar batek Arartekoari adierazi zion ez zegoela konforme Bilboko Udal Etxebizitzak toki erakunde autonomoaren jarduerarekin, gehiegi luzatzen ari baitzen onartuta zeukan etxebizitza-aldaketa. Azaldu zuenez, guraso bakarreko bizikidetza-unitatea osatzen du, hiru kidekoa, eta horietako bat bere kargura dagoen 17 urteko adingabea da. 2016an, Bilbon kokaturiko udal etxebizitza bat esleitu zioten. 

Behin eta berriz adierazi zion Udal Etxebizitzak erakundeari 39 m2-ko etxebizitza hark ez zeukala beharrezko azalera erabilgarririk bizikidetza-unitate horrentzat, eta bere seme-alabetako batek egongelan lo egin behar duela. Egoera horren ondorioz, 2022ko urtarrilean, eskaera bat egin zuen erakunde autonomo horretan, eta bertan azaldu zuen bere bizikidetza-unitatearen egoera eta etxebizitza aldatzeko berariazko premia. 

Udal Etxebizitzak erakundeko orduko lehendakariak onartu zuen etxebizitza aldatzeko berariazko premia hori, eta 2022ko apirilean jakinarazi zuen ebazpena. Urtebete geroago, etxebizitza egokia eskuratzea luzatzen ari zenez gero, kexagileak beste eskaera bat igorri zion Udal Etxebizitzak erakundeari. Jakinarazi zion etxebizitzan hezetasuna zegoela eta, berriz ere, ez zegoela toki nahikorik. Erakunde horrek erantzun zion itxaron-zerrendan zegoela, zer postutan zegoen edo zerrendan gutxi gorabehera zenbat denboran egon beharko zuen zehaztu gabe.

Arartekoaren ustez, ez da arrazoizkoa eskaera formalizatu zenetik bi urte igaro ondoren, gainokupazio-egoera argia egiaztatu arren, kexagileak etxebizitza berean bizitzen jarraitzea, eta ebazpen hau ematen den egunean, Udal Etxebizitzak erakundeak ez proposatu izana etxebizitza berri bat esleitu diezaioten, bizikidetza-unitate horren ezaugarri berezietara egokitutakoa.

Beraz, Arartekoak Udal Etxebizitzak erakundeari gomendatu dio beharrezko neurriak har ditzala kexagileari eta bere bizikidetza-unitateari etxebizitza duin eta egokia izateko eskubidea behar bezala bermatzeko.

EBAZPENA

Vitoria-Gasteiz, 2024ko martxoaren 6a