Arartekoak Bilboko Udalari gomendatu dio iker ditzala poliziaren jarduera batzuk, izan ere, haietan baliteke indarra neurriz kanpo eta modu desegokian erabili izana

Arartekoak ofizioz jarduera bat hasi zuen, helburu hauekin: Bilboko Udaltzaingoak, 2022ko Aste Nagusian, ustez telefono mugikor bat ebasteagatik gazte bat atxilotu zuenean burutu zituen jarduerak baloratzea; erabilitako indarra neurrizkoa eta egokia izan ote zen eta poliziak jarduteko arrazoi arrazistarik izan ote zuen argitzea.

Orobat, espediente horren bidez baloratu nahi zen poliziak nolako jokaera izan zuen egintza haien lekuko izan zen emakume gazte batekin, bada hark polizia-jardueraren kontra esku hartzearen ondorioz hiru salaketa jarri ziren, Herritarren Segurtasuna Babesteko martxoaren 30eko 4/2015 Lege Organikoa hausteagatik. Gazte hark salaketa bat jarri zuen udaltzainen kontra, lesioengatik, eta jarduera ikertu zenean, hura Bilboko instrukzioko epaitegi batean izapidetzen ari zen.

Egindako ikerketaren eta Arartekoari emandako informazioa aztertu ondoren, erakunde honek uste du Bilboko Udalak dokumentatu eta arrazoitu duela indarraren erabilera, egintzak argitzeko barne-ikerketa egin duela eta adierazi duela bere iritzia atxilotuaren erresistentzia gainditzeko eta egintzen lekukoa identifikatzeko erabili zuen indarraz.

Era berean, poliziaren esku-hartzearen sekuentzia aztertzean eta ustezko ebaslea atxilotu ahal izateko erabili zen indarra neurrizkoa eta egokia izan zen baloratzean, Arartekoak ikusi du bi momentutan balitekeela indarra modu desegokian eta neurriz gain erabili izana. Horregatik, udalari gomendatu dio iker ditzala poliziaren jarduera horiek eta, hala badagokio, neurri egokiak har ditzala, diziplinazkoak edo bestelakoak.

Lekuko gazteari buruz, Arartekoak ez du esku hartu haren kontra jarritako salaketen inguruan, ezeztatu egin baitira, salatuaren alegazioak onartu ondoren. 

Gainera, bertan behera uztea erabaki du udaltzainek harekin burututako jarduerari buruzko esku-hartzea, izan ere, Arartekoa arautzeko legeak ezarritakoaren arabera, ezin du jardun epaile-erabakiaren zain dauden gaietan.

EBAZPENA

Vitoria-Gasteiz, 2023ko urtarrilaren 28a