Arartekoak Bilboko Udalari gomendatu dio ondoriorik gabe utz dezala trafiko-zehapen bat, uste baitu jakinarazpenak ez zirela behar bezala egin zehapen-prozeduran

Herritar batek Arartekoari adierazi zion ez zegoela ados Bilboko Udalak bere alaba adingabeari ibilgailuaren titularra trafikoko arau-hauste baten gidari arduraduna ez identifikatzeagatik jarri zion zehapenarekin

Kexagileak azaldu zuenez, adingabearen aitak lau ibilgailu jarri zituen alabaren izenean, adingabearen zaintza partekatua zeukan garaian, nahiz eta alabak horretaz ezer ez jakin eta, are gutxiago, horretarako baimenik eman. Egintza horren ondorioz, zenbait zehapen-prozedura hasi dira adingabearen kontra, ustez, aitak ibilgailu horiekin egindako arau-hausteengatik eta trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga hainbat aldiz ez ordaintzeagatik.


Arartekoak laguntza galdegin zion Bilboko Udalari, eta eskatu zion txosten baten bidez adieraz ziezaiola zergatik erabili zituen formula estandarizatuak alegazioak ezesteko eta froga ukatzeko. Orobat, gogorarazi zion zehatutako pertsona adingabea dela eta gurasoek erantzukizun solidarioa dutela jakinarazpenetarako, eta aspaldidanik bizi ez den helbide batean egin zela jakinarazpena.


Era berean, Bilboko Udalari galdegin zion bidal ziezazkiola zehapen-prozedurei zegozkien administrazio-espedienteen kopiak. 
2003an Arartekoa jada kezka agertu zuen trafiko, ibilgailu motordunen zirkulazio eta bide-segurtasun arloko zehapen-prozedurak aurrez zehaztutako ereduen arabera izapidetzen zirelako. Izatez, urteko txostenean gomendio orokor bat egin zuen trafiko, ibilgailu motordunen zirkulazio eta bide-segurtasun arloko zehapen-prozedurak eredu bidez izapidetzeaz. 


Agiri guztiak aztertu ondoren, Arartekoak uste du zehapen-prozedura horretako jakinarazpenak ez zirela behar bezala egin eta ez zituztela sorrarazi ondorio juridiko guztiak. Horregatik, zehapena eragin duten tipikotasuna eta zuzenbidearen aurkakotasuna desagertuko lirateke.
Hori dela medio, Bilboko Udalari gomendatu dio ondoriorik gabe utz dezala kexagileari jarritako zehapena, eta ordaindutako zenbatekoa itzultzea onar dezala, baldin eta ordainketa gauzatu bazen.


EBAZPENA


Vitoria-Gasteiz, 2023ko azaroaren 13a