Arartekoak erakundeei eskatzen die bere gain har ditzatela emakumezkoen eta gizonezkoen artean benetako berdintasuna lortzeko dituzten erantzukizunak

Gaur eta hemen, oraindik beharrezkoa da martxoaren 8a, emakumeen nazioarteko Eguna ospatzea. Emakumeek 1857. urtean beren lan-baldintza ezin okerragoak salatzeko lehen aldiz manifestazioa egin zutenetik hainbat gauza lortu badira ere, oraindik bidegabekeriazko eta mendekotasunezko egoera larriak pairatzen dituzte. Ez diogu garrantzirik kendu nahi munduko alde ezberdinetan dagoen ezberdintasun lazgarriari, baina, egia esateko, diskriminazioak oraindik bizirik dirau gizarte ustez aurreratu batzuetan ere. Horregatik, pertsona guztien benetako berdintasuna lortuko bada, ezinbestekoa da borrokan jarraitzea.

Ildo horretan, Emakumezkoen eta Gizonezkoen arteko Berdintasunerako Legea onartu berri dute Eusko Legebiltzarrean. Gertaera gogoangarria da, izan ere, beste neurri batzuen artean, lege horrek emakumeak herri-agintaritzan sarriago agertzea sustatzen du (hauteskundeetako zerrendetan, gobernua osatzean, funtzio publikoan,...), baliabide berriak ematen ditu indarkeria sexistaren eta emakumeen gizarte-bazterkeriaren kontra borrokatzeko. Era berean, euskal herri-administrazio guztiei berariaz agintzen die edozein neurri abiarazteko orduan kontuan izan ditzatela sexuagatiko desberdintasunak.

Lege hori aurrerapauso handia da, zalantza barik, baina herri-administrazio guztiek berori egiaz ezartzeko borondate argia erakusten badute bakarrik izango da eraginkorra. Ildo horri jarraiki, Arartekoak, pertsona ororen oinarrizko eskubideak babesteko duen eginkizuna betetzearren, arreta handiz zainduko du erakunde guztiek benetako berdintasuna lortzeko borrokan parte har dezaten eta, anbiguotasunik edo dudarik gabe, legean ezarritako betebeharrak bete ditzaten.

Vitoria-Gasteiz, 2005eko martxoaren 7a