Arartekoak eskatu du araudia egin dadila gizarte-bazterketaren arloan diharduten gizarte-zerbitzuetako zentro pribatuei eskatzen zaizkien baldintzak arautzeko

Araba eta Bizkaiko zenbait elkartek Arartekoari jakinarazi ziotenez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua diru-sarrerak bermatzeko errenta (DSBE) jasotzeko eskubidea ukatzen edo amaitzen ari da, baldin eta, eskaera egiten den egunean, bizileku berean DSBEa onartuta duten bi bizikidetza-unitate badaude. Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta arautzeko maiatzaren 25eko 147/2010 Dekretuak 10.2 artikuluan ezarritakoan oinarrituta egiten du hori.

Arartekoak Lanbideri informazioa eskatu zion, DSBEa ukatzeko izan zituen arrazoien gainean.

Lanbideren iritziz, bizi diren etxebizitza ez da etxebizitza kolektibotzat jotzen, ez baititu betetzen dekretu horretan ezarritako baldintzetatik bakar bat ere. Eta etxebizitza kolektibotzat jotzeko baimena foru aldundiek eman behar dute eta zentro bakoitzak eskatu behar du.

Erantzun horren berri eman ondoren, kexa egin duten elkarteetako batek Arabako Foru Aldundiari baimena eskatu zion bere zentroak Araba Lurralde Historikoko Gizarte Zerbitzuen Erregistroan inskribatzeko.

Arabako Aldundiak ez zuen inskribapen-eskaera onartu, arau-esparrurik gabe ezin delako baimenik eman.

Foru-erakundearen esanean, ez osasun mentaleko zentro pribatuek, ez baztertuak edo baztertuak izateko arriskuan dauden pertsonak hartzeko zentroek ez daukate beroriek arautzeko sektoreko araudirik. Beraz, araudian beraien tipologiaren arabera bete behar dituzten baldintza materialak, funtzionalak eta langileei buruzkoak ezarrita ez daudenez gero, administrazioak ez zien baimenik eman.

Araudirik eza kaltegarria izaten ari da elkarte horientzat. Horregatik, Arartekoak Eusko Jaurlaritzaren Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailari gomendatu dio ahal bezain laster egin dezala Gizarte Zerbitzuen 12/2008 Legeak laugarren xedapen gehigarrian aurreikusitako araudia, gizarte-bazterketaren arloan diharduten gizarte-zerbitzu pribatuetako zerbitzuak eta zentroak baimendu eta homologatzeko betekizun materialak, funtzionalak eta langileenak arautzeko.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko apirilaren 22a


Lotutako dokumentazioa

Arartekoaren 2021R-322-19 Ebazpena, 2021eko martxoaren 26koa. Horren bidez, Eusko Jaurlaritzaren Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politika Sailari gomendatzen zaio ahal bezain laster egin dezala gizarte-bazterketaren arloan diharduten gizarte-zerbitzu pribatuetako zerbitzu eta zentroak baimentzeko eta homologatzeko betekizun materialak, funtzionalak eta langileenak jasotzeko araudia.