Arartekoak eskatu du etxebizitza bat bizileku kolektibotzat jo dadila, baldin eta behar bezala erregistratutako gizarte-erakunde batek kudeatzen duen esku-hartze sozialeko programa batean sartuta badago

Horrela, bertan bizi diren bizikidetza-unitate guztiek diru-sarrerak bermatzeko errenta eta etxebizitzarako prestazio osagarria jaso ahal izango dituzte.

Araba eta Bizkaiko zenbait elkartek Arartekoari jakinarazi ziotenez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua diru-sarrerak bermatzeko errenta (DSBE) jasotzeko eskubidea ukatzen edo amaitzen ari da, baldin eta, eskaera egiten den egunean, bizileku berean DSBEa onartuta duten bi bizikidetza-unitate badaude. Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta arautzeko maiatzaren 25eko 147/2010 Dekretuak 10.2 artikuluan ezarritakoan oinarrituta egiten du hori.

Elkarteek ziotenez, DSBE prestazioa behar duten pertsona kalteberenek ezinbestean ostatuetan edo pentsioetan bizi behar dute, edo, ahal izanez gero, partekatutako logela batean, profesionalen ikuskatzerik edo laguntzarik gabe.

Elkarte horiek gizarteratzeko programak kudeatzen dituzte eta zenbait etxebizitza izaten dituzte, programetan parte hartzen duten pertsonak haietan bizi daitezen. Erabiltzaileek gizarte-bazterketa eta bizileku-arazo larriak pairatzen dituzte eta gizarteratzeko eta laneratzeko esku-hartze sozialeko programa batean sartuta daude.

Lanbideren iritziz, beren bizilekua ez da etxebizitza kolektibotzat jotzen, ez baititu betetzen dekretu horretan ezarritako baldintzetatik bakar bat ere. Etxebizitza kolektibotzat jo dadin, foru aldundiek baimena eman behar dute; hala ere, aldundiek ez daukate sektoreko araudirik baimen hori emateko.

Arartekoaren ustez, araudi hori egiten ez den bitartean, ezin zaie DSBEa ukatu edo amaitu gizarteratzera bideratutako programa baten erabiltzaileei.

Horregatik, Eusko Jaurlaritzaren Lan eta Enplegu Sailari gomendatu dio etxebizitza bat bizileku kolektibotzat jo dadila, baldin eta behar bezala erregistratutako gizarte-erakunde batek kudeatzen duen esku-hartze sozialeko programa batean sartuta badago, eta bertan bizi diren bizikidetza-unitate guztiek aukera izan dezatela diru-sarrerak bermatzeko errenta eta etxebizitzarako prestazio osagarria jasotzeko.

Orobat, eskatu dio alda dezala bizikidetza-esparru berean gehienez ere diru-sarrerak bermatzeko errentaren bi unitate onuradun izateari buruzko gaur egungo muga, izan ere, bere iritzian, oraingo osasun-, ekonomia- eta gizarte-krisialdian, abian jarri behar dira ostatu egokia bermatzeko gizarte-neurri guztiak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko apirilaren 22a


Lotutako dokumentazioa

Arartekoaren 2021R-1000-18 Ebazpena, 2021eko martxoaren 26koa, Eusko Jaurlaritzaren Lan eta Enplegu Sailari gomendatzen diona bizitoki kolektiboko marko fisikotzat jotzea erakunde sozial batek kudeatutako etxebizitza behar bezala erregistratua, gizarte alorreko esku-hartze programa batean integratutakoa, bertan bizi diren bizikidetza unitate guztiek izan dezaten aukera diru sarrerak bermatzeko errenta eskuratzeko. Halaber, gomendatzen da aldatzea egun araudian dagoen muga, bizikidetza esparru berean gehienez ere diru sarrerak bermatzeko errentaren bi bizikidetza unitate onuradun egotearena.