ARARTEKOAK ESKU HARTU DU, KONTSUMITZAILE KALTEBERA BATI ARGINDAR BONU SOZIALA BEHAR BEZALA IZAPIDETU DIEZAIOTEN BERMATZEKO

Pertsona bat Arartekora etorri zen, arazoak baitzituen argindar bonu soziala lortzeko. Argindarraren fakturan egiten den beherapen hori, jakina denez, dekretu bidez onartzen zaie kontsumitzaile kalteberei, errenta-baldintzak eta araututako egoera pertsonalak kontuan hartuta. Egoera berezia egiaztatzen bada (guraso bakarreko familia izatea, %33ko edo gehiagoko ezgaitasuna, II. edo III. mendetasun maila izatea, terrorismoaren biktima edo genero indarkeriaren biktima izatea), areagotu egiten da familia-unitateak bete beharreko errenta-baldintza.

Arartekoari azaldutako kasuan, herritarrak adierazi zuen oso zaila dela argindar zerbitzuak merkaturatzen dituen enpresari kontsumitzaile kalteberen egoera berezian zaudela egiaztatzen duen agiria ematea. Kasu honetan, familia-unitateko kide batek ezgaitasuna du.

Kexagileak bere udaleko gizarte-zerbitzuek prestaturiko egiaztagiri bat eman zion enpresari. Agiri horrek egiaztatzen du bizikidetza-unitateko kide zehatz bat egoera berezi horietako batean dagoela.

Hala ere, argindar zerbitzuen enpresak ez zuen agiri hura onartu, izan ere, bere ustez, agiriak ez zituen zorrozki betetzen errege dekretua garatzen duen aginduan ezarritako isilpekotasun baldintzak. Aipatu zuenez, agirian espresuki agertzen dira ezgaituaren izen-abizenak. Haatik, Agindu horretan hauxe adierazten da, hitzez hitz: "Dicho documento no reflejará de manera expresa en cuál de las circunstancias concretas se encuentra el solicitante o alguno de los integrantes de la unidad familiar ni, en su caso, qué miembro concreto de la misma es el que se encuentra en tal circunstancia".

Ziurtagiri hori autonomia erkidegoak izendatzen duen organo eskudunaren gizarte-zerbitzuek egin behar dute, egoera berezia egiaztatu ahal izateko. Ezgaitasuna izanez gero, ziurtagiria gizarte-zerbitzu horien bitartez lortu beharko litzateke, aldez aurretik ezgaitasun-maila aitortzen duen ziurtagiria edo ebazpena aurkeztuta, foru-organo eskudunak emandakoa.

Arartekoa harremanetan jarri da udal horretako gizarte-zerbitzuekin, Aginduan agertzen den ziurtagiri-eredua helarazteko asmoz. Eredu horretan ez da aipatzen, espresuki, zer egoera berezitan dagoen eskatzailea, ezta ere familia-unitateko zein kide dagoen, zehazki, egoera horretan.

Gizarte-zerbitzuek Arartekoari jakinarazi diotenez, ziurtagiri hori argindar bonu sozialaren tramitazioan jasota dauden isilpekotasun-baldintzetara egokitzeko asmoa dute.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko otsailaren 12a