Arartekoak esku hartu ondoren, herritar batek lanaldia laburtzeagatik eskatutako laguntzak jasoko ditu, gaitz larria duen bere semea zaintzeko

Herritar batek esku hartzeko eskatu zion Arartekoari, Eusko Jaurlaritzak ukatu egin baitzizkion lana eta familia bateragarri egiteko laguntzak. Zazpi urteko mutiko baten ama da eta semeak %33ko ezgaitasuna du eta II. Graduko mendekotasuna (mendekotasun larria) onartuta dauka.

Kexagileak besteren kontura lan egiten du eta, 2007ko urrian, lanaldia heren bat laburtu zuen, semea zaintzeko. Harrezkero lanaldi laburtu horri eutsi dio eta Eusko Jaurlaritzak seme-alabak zaintzeko ematen dituen laguntzez baliatu da.

2014ko apirilean bere familia eta lan egoera dezente aldatu zen, bere semea minbiziak jo zuelako. Orduan, Gizarte Segurantzak minbizia edo beste gaitz larri bat duten adingabeak zaintzeko asmoz gurasoei, adoptatzaileei edo harrera-egileei ematen dien diru-laguntza bat baliatu zuen. Tratamendu onkologikoa hasi zenean, interesdunak aipatutako laguntza hori erabili zuen eta %66 gehitu zuen bere lanaldi-laburtzea, tratamenduak zirauen bitartean semea zaindu ahal izateko; hortaz, lehengo %33ko laburtzeari gehituta, guztira %99,99 laburtu zuen lanaldia. Data hartatik aurrera, Gizarte Segurantzaren laguntza jasotzen du, laguntza eskatu aurretik jasotzen zuen soldataren parekoa, hau da, laburtu duen %66ko lanaldiari dagokion soldata berdintzen du laguntza horretaz baliatuta. Ez du jasotzen, ordea, bere lanaldiaren %100 osatu arteko %33ri dagokion zenbatekoa, eutsi egiten baitio lanaldiaren hasierako %33ko laburtzeari, bere seme adingabea zaintzeko.

Egoera horren aurrean, interesdunak hauxe uste zuen: lanaldia %33 laburtzeak neurri batean sortu dion diru-sarreren galera berdintzeko asmoz, baldintza guztiak betetzen zituela lana eta seme-alabak zaintzea bateragarri egiteko laguntzak jasotzen jarraitzeko.

Gainera, kexagileak semea zaintzeko eskatu zuen bateragarri egiteko laguntza hori, eta seme horrek hiru egoera bizi ditu aldi berean: %33ko ezgaitasuna duen 12 urtetik beherako semea da, mendekotasun egoeran dago eta osasun-egoera larrian. Egoera horietako bakoitza, bereiz hartuta, diruz lagundu daiteke, ezarri beharreko araudiaren arabera.

Hala ere, Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak iritzi zion egoera horietako bakar batek ere ezin zuela eragin, kasu zehatz honetan, eskatutako laguntza hori. Beraz, eskaerak ukatu zituen, zenbait arrazoirengatik.

Kasua zehazki aztertu eta gero, Arartekoak gomendio bat egin zion Eusko Jaurlaritzari: kexagileak bere semea zaintzeko eskatu zituen laguntzen ukapena bertan behera utz zezala eskatu zion.
Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren erantzuna baiezkoa izan da. Sail horrek adierazi digunez, ados dago honako gai honetan: laguntzak arautzen dituen dekretuan ez dago zehaztuta diruz lagundu daitekeen lanaldi-laburtzeak gehienez ere zenbatekoa izan behar duen. Beraz, aurrerantzean ulertu beharko da 12 urtetik beherako seme-alabak zaintzeko lanaldi-laburtzearen barruan sartzen direla bai Langileen Estatutuaren arabera legezko zaintza gauzatzeko direnak, bai minbizia edo beste gaitz larriren bat duen eta eskatzailearen kargu dagoen adingabe bat zaintzeko direnak.

Arartekoaren esku-hartzea eragin zuen kasu zehatzean, herritar horri 2014ko apiriletik aurrera onartuko diote lanaldia %99,99 laburtzeari dagokion laguntza.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko irailaren 28a