Arartekoak Etxebizitza Sailari gomendatu dio berma dezala sei kidetik gorako familia ugariek gainerako guztien aukera berekin parte hartzea babes publikoko etxebizitzak esleitzeko prozeduretan

Herritar batek Arartekoari adierazi zion ez zegoela konforme Arabako Etxebizitzako lurralde ordezkariak babes publikoko etxebizitzak alokairuan esleitzeko prozedura batean parte hartzeko egin zuen eskaera ez onartzearekin. Kexagileak azaldu zuenez, bere bizikidetza-unitatea zortzi lagunek osatzen dute eta haietatik sei bere kargura dauden adingabeak dira. Oinarrizko gizarte-zerbitzuek prestaturiko txosten bat erantsi zuen, non, besteak beste, adierazi zen orain bizi diren merkatu libreko etxebizitzak 73 m2--ko azalera erabilgarria baino ez duela eta pilaketa-egoera argia eragiten ari dela. Gainera, txostenaren arabera, hezetasunak eta kondentsazioak daude etxebizitzako gela guztietan, hormetan nahiz sabaietan, eta sukaldeak ez dauka ke-erauzgailurik, ezta berogailurik ere. 

Horregatik guztiagatik, oinarrizko gizarte-zerbitzuek jakinarazi dute etxebizitza horretako bizigarritasun-baldintzak eskasak direla eta ez direla osasungarriak familia-unitate bateko kide guztientzat. Ondorio gisa, txostenean aipatu da familia-unitate horrentzat egokiak eta nahikoak izango liratekeela hiru logela, alokairuko babes ofizialeko etxebizitza batean. Kexagilea eta bere bizikidetza-unitatea etxebizitza babestuaren eskatzaile gisa izena emanda daude 2015. urtetik. 

Testuinguru horretan, bizi diren etxebizitzaren egoera desegokia dela eta, 2023ko martxoan, kexagileak eskaera bat formalizatu zuen babes publikoko etxebizitzak alokairuan esleitzeko prozedura batean parte hartzeko. Hala ere, Arabako Etxebizitzako lurralde ordezkariak eskaera ez onartzea erabaki zuen, bere ustez, bizikidetza-unitateko kideen kopurua ez zetorrelako bat sustapen horretako etxebizitzen ezaugarriekin. 

Kexagileak gora jotzeko errekurtsoa jarri zuen, baina ez zioten behar bezalako erantzunik eman. Adierazi zuen bere bizikidetza-unitatearen osaera zela medio, ezin zuela parte hartu Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak eskainitako sustapenetako bakar batean ere. Izan ere, gaineratu zuen etxebizitzen egungo diseinuak eta, beraz, esleipen-prozeduren konfigurazioak eragotzi egiten zuela bere familiak babes publikoko edozein etxebizitza eskuratzea, azken sustapenetako bakar batean ere ez baitzen aurreikusi sei kidetik gorako familiek horiek eskuratzea. 

Informazioa eskatu ondoren, Arartekoak egiaztatu du kexagilea eta bere bizikidetza-unitatea etxebizitza-eskatzaile gisa izena emanda daudela 2015. urteaz geroztik. Hala ere, urtebeteko epe laburrean, parte hartzeko eskaera ukatu diote hiru esleipen-prozeduratan, aitzakia bakar hau emanda: bizikidetza-unitateak gainditu egiten zuela esleitzeko oinarriak onartu zituen Etxebizitza sailburuaren Aginduak ezarritako sei kideko kopurua. 

Arartekoaren iritziz, talde horrek etxebizitza duin eta egokia izateko duen eskubidea argiro mugatuta geratu da, galarazi egin baitiote parte hartzea, eta ez baita justifikatu familia ugarien kide kopuruaren araberako tratu desberdin hori etxebizitza eskuratzeko orduan. Horregatik, Arartekoak Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari gomendatu dio berrazter dezala kexagileak babes publikoko etxebizitzak alokairuan esleitzeko prozeduran parte hartzeko egin zuen eskaera ez onartzeko erabakia. Edonola ere, Arartekoaren aburuz, sail horrek bermatu egin behar du sei kidetik gorako familia ugariek gainontzeko guztien aukera berekin parte hartzea etxebizitzak esleitzeko prozeduretan. 

EBAZPENA

Vitoria-Gasteiz, 2024ko apirilaren 4a