ARARTEKOAK ETXEBZITZA SAILARI ESKATU DIO BERRIZ AZTER DEZALA ETXEBIZITZA ZUZENEAN ESLEITZEKO ESKAERA BAT UKATZEA, IZAN ERE, GIZARTE ZERBITZUEK ETXEBIZITZA-PREMIA BEREZIKO EGOERA DELA EGIAZTATU DUTE

Herritar batek Arartekoari adierazi zion ez zegoela ados Etxebizitza sailburuordeak hartutako erabaki honekin: babes publikoko etxebizitza bat errentamendu erregimenean zuzenean esleitzeko eskaera bat ukatzea.

Bere esanean, bost kidek osatzen dute bere bizikidetza-unitatea, eta horietatik hiru adingabeak dira. Gainera, bere bi semek endekapenezko gaixotasuna dute. Batek mendekotasun larria onartuta dauka eta bestea mendekotasun moderatuko egoeran dago, berraztertze fasean, eta gurpil-aulkia agindu diote, ezin baita oinez ibili.

Merkatuko etxebizitza batean bizi dira. Etxebizitza hori ez dago egokituta eta ez dauka gurpil-aulkiekin maniobrak egiteko toki nahikorik. Bainuontzi bakarra daukate eta ezin dituzte bere bi semeak behar bezala garbitu. Egiaz, udal kiroldegira joaten dira beren burua txukuntzeko oinarrizko ekintzak egitera.

Orobat, kexagilearen esanean, Etxebiden izena emanda dago 2017ko apirilaz geroztik eta Etxebizitza Sailaren lurralde ordezkaritzak oraindik ez dio proposatu babes publikoko etxebizitza bat errentamendu-erregimenean esleitzea.

Gure Señeak elkartearen aholkuei jarraiki (elkarte horrek gaixotasun arraroak dituzten eta desgaitasun egoera berezian dauden haurren bizi-kalitatea hobetzea du helburu), kexagileak bere herriko udaleko gizarte zerbitzuetara jo zuen, bere egoera azaltzeko asmoz.

Oinarrizko gizarte zerbitzuek egoera hori balioetsi eta erabaki zuten familia horrentzat babes publikoko etxebizitza egokitu bat zuzenean esleitzeko eskaera egitea Etxebizitza sailburuordeari.

Hala eta guztiz ere, abuztuan, Etxebizitza sailburuordeak ez zuen onartu etxebizitza zuzenean esleitzeko eskaera, bada, bere iritziz, azaldutako kasua ez dago onarpen hori ahalbidetuko luketen kalteberatasun bereziko kasuen artean.

Araudia sakabanatuta dagoenez eta salbuetsitako kasuak zehazki azaltzen ez direnez gero, gaur egun, babes publikoko etxebizitza bat errentamendu-erregimenean zuzenean esleitzeko erabakia, neurri handi batean, etxebizitza arloan eskumena duen organoaren baitan dago, oraintxe bertan, Etxebizitza sailburuordearen baitan.

Alabaina, ez da ahaztu behar kexagilearen bizikidetza-unitatea hiru adingabek osatzen dutela.

Familia hori bizi den etxebizitzan umeak ezin dituzte garbitu, toki mugatua dute, etxebizitza egokitu gabe dago. Horren ondorioz, Arartekoaren ustez, ez da behar bezala betetzen etxebizitza duin, egoki eta irisgarria izateko duen eskubidea. Horri oinarrizko gizarte zerbitzuen esku-hartzea gehitu behar zaio, izan ere, txosten baten bidez, familia horri egokitutako beste etxebizitza bat esleitu ziezaioten gomendatu zuten.

Horregatik, gure ustez, Etxebizitza Sailburuordetzak ez zituen behar bezala aintzat hartu kasu honen ezaugarriak, eta ez zuen egoki balioetsi udaleko oinarrizko gizarte zerbitzuek egiaztaturiko etxebizitza-premia berezia.

Beraz, Arartekoak Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari gomendatu berriz azter dezala kexagileari zuzenean etxebizitza bat esleitzeko eskaeraren ukapena, izan ere, bere udaleko oinarrizko gizarte zerbitzuek egiaztatu dute etxebizitza-premia bereziko egoera dela.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko maiatzaren 22a


Lotutako dokumentazioa

Arartekoaren 2020R-2577-18 Ebazpena, 2020ko maiatzaren 7koa. Horren bidez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari gomendatzen zaio berrikus dezala babes publikoko etxebizitza bat errentamenduaraubidean zuzenean adjudikatzeko eskaera ukatzeko erabakia.