Arartekoak Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari gomendatu dio gardentasun-araudian ezarritako baldintzen arabera izapidetu ditzala informazio publikoa lortzeko eskaerak

Sail horri bidalitako bi ebazpenetan, administrazioak daukan informazioa lortzeko eskaerak behar bezala izapidetzeko bete behar diren alderdi juridiko eta teknikoak adierazi ditu Arartekoak.

Kasuetako batean, herritar batek laguntzak emateko administrazio-espediente bat ikusteko eskaera egin zuen. Administrazioak ez zuen onartu eskaera, bere ustez, kexagilea ez zelako interesduna administrazio-prozeduran. 

Arartekoaren iritziz, kexagileak beste eskubide bat baliatu zuen; beraz, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari gomendatu dio eskaera hori behar den moduan eta epean izapidetu dezala, informazioa eskuratzeko eskubideari buruzko araubide bereziaren arabera. Orobat, Arartekoak administrazioari gogorarazi dio berariaz eta neurriz arrazoitu eta justifikatu behar dela informazio publikoa eskuratzeko mugak ezartzea edo eskaera ez onartzeko edozein arrazoi, horretarako ebazpen bat emanez.

Beste kexa-espedientean, herritar batek informazio publikoa eskatu zuen administrazioak eskainitako bitarteko elektroniko batzuen bitartez. Besteak beste, informazioa galdegiteko postontzi orokorra erabili zuen.

Administrazioak posta elektroniko bat bidali zion eta adierazi zion, alde batetik, postontzia ez zela bide egokia eskaera hura egiteko eta bera ez zela interesduna administrazio-prozeduran, eta, bestetik, ez zuela onartu informazio-eskaera, gardentasun-araudian ezarritako muga bat aplikatuz (muga hori ez zen arrazoitu).

Horrela, administrazioak berak erantzun zion eskatutakoaren mamiari; horregatik, Arartekoak gomendioan nabarmendu du ez zela egokia izan kexagileari erantzuteko bidea eta aukeratutako jardunbidea, eta, beraz, bidezkoa zela tramitazioa bultzatzea eta ebazpen arrazoitu bat jakinaraztea, administrazio-prozedurako baldintza tekniko eta juridikoak betez.

Azken batean, gomendatu dio hobetu dezala informazio publikoa eskuratzeko eskubidea betetzeko prozedura, herritarrentzako tramitazio eskuragarria eta erraztua bultzatzeko, eta, horrez gain, sail horretako langileak gardentasun arloan treba ditzala, eskubide hori araudiko eta doktrinako irizpideak betez izapidetu dadin.

ARARTEKOAREN 2023R-2710-22 EBAZPENA

ARARTEKOAREN 2023R-75-23 EBAZPENA

 

Vitoria-Gasteiz, 2023ko maiatzaren 11