Arartekoak Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailari gomendatu dio irizpide homogeneoak ezar ditzala presoek eragile juridikoekin dituzten komunikazioetan

Era berean, Euskadiko hiru espetxeetan komunikazio horiek egiteko erabiltzen diren gelen baldintzak hobetzeko eskatu dio

Urtero Arartekoak bilerak egiten ditu, Euskadiko hiru lurralde historikoetako bakoitzean, espetxe arloko hirugarren sektoreko erakundeetako ordezkariekin. Iaz deitutako bileretara joan ziren hiru lurralde historikoetako abokatuen elkargo ohoretsuetako gobernu batzordeetako ordezkariak eta espetxe-laguntzako txandako ordezkariak.

Bilera horietan zenbait kexa adierazi ziren Euskadiko espetxeetako komunikazioei buruz; horregatik, Arartekoak ofiziozko jarduera bat hasi zuen. Nahiz eta kexak gai ezberdinei buruzkoak izan espetxe bakoitzean, gai batzuk berberak ziren hiru espetxeetan. 

Eragile juridikoen eta presoen arteko ahozko komunikazioak zertan diren jakiteko informazio eguneratua biltzeko asmoz, Arartekoko langile batzuk espetxeetako instalazioak ikustera joan ziren eta gai horren gaineko txostenak eskatu zizkien abokatuen elkargoei.

Euskadiko hiru espetxeei buruzko informazioa bildu ostean, Arartekoak amaitu du ofiziozko jarduera hori eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailari gomendatu dio malgutu eta homogeneizatu ditzala eragile juridikoekin egiten diren horrelako komunikazioei ezarri beharreko irizpideak; elkarrizketak kontaktuarekin egin daitezen ahalbidetu dezala, betiere aldeek hori onartzen badute; ken daitezela kabinetako burdin-barrak; zirrikituak utz ditzatela, funtzionarioek agiri-trukean esku hartu behar izan ez dezaten; eta eragile juridikoek, egokia iruditzen zaienean, beren lana egiteko behar dituzten gailu elektronikoak sartu ahal izan ditzatela. 

Azkenik, Arartekoak sail horri gomendatu dio neurriak har ditzala txandak zuzen doitu daitezen, espetxe-laguntzako txandari dagokionez, emakumeen eskubideak baliatzeko orduan gertatzen diren murrizketa kuantitatibo eta kualitatiboak saihesteko.

EBAZPENA

Vitoria-Gasteiz, 2023ko azaroaren 7a