Arartekoak Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari gomendatu dio beti bidal ditzala jakinarazpen elektronikoak eskuragarri daudela dioten abisuak

Arartekoak izapidetzeko onartu zuen herritar baten kexa, hura ez baitzegoen konforme jakinarazpen elektronikoa egiteko prozedurarekin, etxebizitza birgaitzeko laguntzak emateko administrazio-izapideetan.

Zehazki, kexagileak Arartekoari azaldu zion ez zuela posta elektronikoz abisurik jaso administrazio-errekurtso bat ezesteko ebazpen bati buruz. Beraz, egintzaren berri jakin ez zuenez gero, amaitu egin zen egoitza elektronikoan sartu eta jakinarazpenaren edukia eskuratzeko epea.

Alabaina, aurreko aldietan, administrazioak bidali zituen, bai horixe, jakinarazpenak eskuragarri zeudela zioten abisuak; horregatik, herritarrak uste osoa zuen eta espero zuen bere posta elektronikoan abisuak jasotzen jarraitzea. Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak onartu zuen informatika-akats batengatik ez zuela jakinarazpenik bidali, baina jakinarazpenak erabateko balioa zuela iritzi zion.

Arartekoak bidalitako ebazpenean, honela arrazoitu du: jakinarazpena eskuragarri dagoela dioen abisurik ez bidaltzeak eragina izan dezakeela prozeduraren eraginkortasunean, agindu hori indarreko legerian ezarrita dagoelako,  eta, beraz, babesgabetasun materiala sor dezakeela.

Laburbilduz, Arartekoak administrazio horri gomendatu dio beti bidal ditzala jakinarazpen elektronikoak eskuragarri daudela dioten abisuak, eta aztertutako kasu horretan, indarrik gabe utz dezala administrazioak emandako ebazpena.

EBAZPENA