Arartekoak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari gomendatu dio baimendu dezala pertsona transexual bat zentro pribatu batera bideratzea, sexua berriz esleitzeko ebakuntza egiteko

Herritar batek esku hartzeko galdegin zion Arartekoari, Osakidetza gehiegi atzeratzen ari baitzen sexua berriz esleitzeko kirurgia-ebakuntza bat (vaginoplastia) egiteko data emateko orduan. Azaldu zuenez, 2022ko ekainean, premiazkoa ez den programatutako kirurgiako itxaron-zerrendan sartu zen, Gurutzetako unibertsitate-ospitalean, vaginoplastia bat egiteko, bere mediku-taldeak oniritzia eman ondoren. Irailean ebakuntza aurreko azterketa egin zioten eta Genero Identitatearen Unitateko kirurgialari buruak aurreratu zion ebakuntza 2023ko maiatzean egingo zela.

Hala ere, apirilean, artean ez zekien zehazki noiz egingo zioten ebakuntza, eta erreklamazio bat aurkeztu zuen Pazienteak eta Erabiltzaileak Atenditzeko Zerbitzuan. Honako hau erantzun zioten: “arazo larriak, konplexuak eta/edo urgenteak dituzten pazienteei lehentasuna ematen ari baitzaizkie, zurea bezalako ebakuntza programagarrien kaltetan”.

Interesdunak berriz egin zuen kexa, “Zuzenean” herritarrentzako arreta zerbitzuaren bitartez, eta eskatu zuen errespeta zedila kirurgialariak aurreratu zion data, edo beste zentro batera bidera zezatela. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak erantzun zion oso kirurgia konplexua dela eta Estatuan ez dagoela hori egiteko Osasun Ministerioak egiaztatutako beste zentrorik. Orduan Katalunian dagoen zentro pribatu batera bidera zezaten eskatu zuen, baina eskaera bi aldiz ukatu zioten. 

Ziurgabetasun-egoera hura, lehengoaz gain, ezegonkortasun emozionala sortzen ari zitzaion kexagileari, bere kirurgia-ebakuntza “sine die” atzeratzek zuzenean sortutakoa. 

Itxaron-zerrendan sartu zenetik urte eta erdi igaro eta gero, operatu gabe jarraitzen zuen eta ez zeukan ebakuntzarako gutxi beherako datarik. Ez dago dudarik sexua berriz esleitzeko kirurgia oso ebakuntza konplexua dela, baina, Arartekoaren iritziz, faktore horrek ez du justifikatu behar osasun sistema publikoak bermaturiko osasun-prestazio bat burutzeko ezarrita dagoen epea (oro har, gehienez ere 180 egunekoa) arrazoi horregatik bikoiztea edo hirukoiztea, kasu honetan gertatu den bezala, edo, are gehiago, “sine die” etetea.

Arartekoak Osasun Sailari oraintsu egindako gomendioan adierazi dio Euskadik berezko duen osasun-zerbitzuen zorroan sartzen dela sexua berriz esleitzeko kirurgia, aurrekontu publikoen kontura finantzatutako tekniken artean. Kirurgia-eskaera handiko egoeretan, ospitale pribatuetara bideratzea da osasun-sistema publikoko erabiltzaileek duten bideetako bat. 

Arartekoaren ustez, horixe zen kexagileak osasun-arreta egokia jasotzeko eskubidea baliatzeko zeukan bide bakarra: zentro pribatu batera bidera zezaten, aurrekontu publikoen kontura. Hori ukatzea bereizkeria kasu bat izan daiteke. Horregatik guztiagatik, Arartekoak Osasun Sailari gomendatu zion baimendu zezala kexagilea berak proposaturiko zentro pribatura bideratzea, eta ebakuntza sail horren aurrekontuaren kontura egin zedila. 

Osasun Sailak Arartekoari adierazi dio ez duela onartu gomendioa, eta, gaur egun, 21 hilabete geroago, kexagileak itxaron-zerrendan jarraitzen du, ebakuntzarako gutxi gorabeherako datarik izan gabe. 

EBAZPENA

Vitoria-Gasteiz, 2024ko martxoaren 11a