Arartekoak Eusko Jaurlaritzari eskatu nahi dio langile autonomo baten bi prestazio ekonomikoen etetea berrikusteko, langile horri bere jardueragatik fikziozko irabazia egotzi zitzaion

Herritar batek Arartekoaren esku-hartzea eskatu zuen, izan ere, Lanbidek kexagilea titular zen diru-sarrerak bermatzeko errenta eta etxebizitzarako prestazio osagarria eten zizkion.

Kexagilea saltzaile ibiltaria zen 2017tik eta diru-sarrerak bermatzeko errenta (lanagatiko osagarri gisa) eta etxebizitzarako prestazio osagarria jasotzen zituen aldi berean.

Eskubide horien titularra izateko baldintzak eta betebeharrak betetzen zituen jakiteko egindako berrikuspen-prozeduran, eta langile autonomo gisa bere jardueraren irabaziak zehazteko ondorioetarako, 2019ko apirilean Lanbidek entzunaldi izapide baten berri eman zion kexagileari eta eskatu zion azken hiru hilabeteetako diru-sarreren aitorpena aurkezteko.

Bere jardueragatik bere kabuz lortzen zituen irabaziak oso baxuak zirenez gero ez zuen PFEZaren urteko aitorpena aurkezteko betebehar formalik. Beraz, interesdunak Lanbideri azken hiru hilabeteetako irabazien zinpeko aitorpena aurkeztu zion, eta bertan adierazten zen bere jardueraren irabaziak hilabeteko 70 euro zirela.

Lanbidek prestazioak etetea erabaki zuen, oinarri hartuta kexagilea bere kabuz lanean hasi zenetik hamazortzigarren hilabetetik aurrera, eta aldez aurretik zerga-aitorpenik ez zuenez, bere jarduerari egotzi ahal zitzaion gutxieneko irabazia Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren % 150 izango litzatekeela, diru-sarrerak bermatzeko errentaren araudiaren arabera.

Arartekoaren iritziz, Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren % 75en eta % 150en pareko den hileko alegiazko irabazia egoztea krisian dauden negozioak dituzten pertsonei ez du arrazoizko oinarririk, eta ez dator bat Gizarteratzeko eta Diru-Sarrerak Bermatzeko Legearen helburuarekin, are gehiago kontuan izanda, dokumentazioa aztertuta, zalantza izpirik gabe ondorioztatu zela jarduera ekonomiko jakin horrek ez zuela diru-sarrerarik.

Hori dela eta, Arartekoak Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailari eskatu dio kexagileari diru-sarrerak bermatzeko errenta eta etxebizitzarako prestazio osagarria eteteko ebazpena berrikusteko, horrek dakartzan ondorio ekonomikoekin.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko irailaren 23a


Lotutako dokumentazioa

Arartekoaren 2021R-2368-19 Ebazpena, 2021eko irailaren 2koa. Horren bidez, Eusko Jaurlaritzaren Lan eta Enplegu Sailari gomendatzen dio berrikus dezala langile autonomo baten diru-sarrerak bermatzeko errentari dagokion prestazioa eta etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarria eteteko ebazpen bat, langile horri bere jardueraren fikziozko errendimendua egotzi baitzaio, krisi-egoeran dela egiaztatu arren, berrikuspen horrek ekar litzakeen ondore ekonomikoekin.