Arartekoak Eusko Jaurlaritzari gomendatu dio berriz azter ditzala espetxeratuen datuak biltzeko metodoak

Era berean, eskatu dio espetxeetako gizarte-zerbitzuen protokolo bat diseina dezala, Euskadiko Espetxeetako Zuzendaritza Zentroak kontrol egokia egin ahal izan dezan, presoen eskubideak kaltetzen dituzten lekualdatzeak saihesteko 

Arartekoak 2023ko maiatzean jaso zuen kexa batean salatu zen preso bat Martuteneko espetxetik Leongo espetxe batera aldatu zutela. Presoa 2022ko abenduan Martutenen sartu ondoren, Tratamendu Batzarrak Euskadiko Espetxeetako Zuzendaritza Zentroari proposatu zion haren hasierako sailkapena egitea. Geroago, espetxe-tratamenduaren bigarren mailan sailkatuta zegoela berretsi zuen eta Espetxeetako Idazkaritza Nagusiak kudeatutako espetxe batera lekualdatzeko eskatu zuen: “Bi faktore izango lirateke lekualdaketa motibatu dutenak: Euskal Autonomia Erkidegoko espetxeen gainezko okupazioa eta barneratuaren sozio/familia lotura eza Euskal Autonomia Erkidegoan”. Espetxeetako Idazkaritza Nagusiak lekualdaketa onetsi zuen.

Kexagileak zioenez, presoak familia-harremana du Gipuzkoan, 20 urte baino gehiago daramatza Euskadin bizitzen eta espetxean estupefazienteen mendekotasuna gainditzeko tratamendua jasotzen ari zen. Hainbat agiri erantsi zituen, esaterako, presoaren errolda-historia Gipuzkoan, familia-liburua (non alaba adingabearen filiazioa jasota dagoen) eta txosten psikologiko bat (horren arabera, adingabearen garapenean eragin positiboa du aitaren eta alabaren arteko harremana berreraikitzeak).

Euskal espetxe-administrazioari gai horri buruzko informazioa eskatu ondoren, hark txosten bat bidali eta hauxe adierazi zuen: “Gipuzkoako espetxetik Justizia Zuzendaritzara bidalitako txostenean adierazten den bezala, barneratuak ez du harremanik mantentzen bere (...) familiarekin, kalean bizi zelarik kartzelan sartu baino lehenago”.

Hala ere, Arartekoaren iritziz, datuek erakusten dute presoa Euskadin errotuta dagoela, eta zertzelada hori ez zen aintzat hartu presoa lekuz aldatzeko orduan. Gainera, kontuan izan behar da erabaki horrek zer-nolako eragina izan duen presoaren alaba adingabearengan. Horren haritik, Arartekoak gogorarazten du guraso espetxeratuak dituzten neska-mutilek gainontzekoen eskubide berberak dituztela eta, beraz, gurasoekin ohiko harremana izateko eskubidea duela. Bestalde, ohiko harreman horrek eragin positiboa izan dezake presoen gizarteratze-prozesuetan ere.

Horregatik, Arartekoak Eusko Jaurlaritzari gomendatu dio onar dezala kexagileak egin duen eskaera (preso hori Euskadira lekualdatzea) eta berriz azter ditzala espetxeratuen datuak biltzeko metodoak, zehatzak izan daitezen. Orobat, eskatu dio espetxeetako gizarte-zerbitzuen protokolo bat diseina dezala, hiru espetxeetan modu homogeneoan bil daitezen datu gizarte- eta familia-datuak, baita norberaren beste inguruabar batzuk ere. Horrela, Euskadiko Espetxeetako Zuzendaritza Zentroak kontrol egokia egin ahal izango du, presoen eskubideak kaltetzen dituzten lekualdatzeak saihesteko, izan ere, ezinbestean, eragina izan dezakete guraso espetxeratuak dituzten adingabeen eskubideetan.

EBAZPENA

Vitoria-Gasteiz, 2024ko martxoaren 14a