ARARTEKOAK GASTEIZKO UDALARI ESKATU DIO BERRIZ AZTER DEZALA HERRITAR BATI EZARRI ZION ISUNA, TRAFIKOKO ARAUDIA HAUSTEAGATIK UDALTZAIN BATEK SALAKETA JARRI ONDOREN

Herritar batek kexa egin zion Arartekoari Gasteizko udaltzain baten jardueraz eta udalak ezarri zion isunaz, udaltzain hark trafikoko araudia hausteagatik bere kontra salaketa jarri ostean.

Interesdunaren esanean, El Corte Inglés-en inguruko jatetxe batera zihoan bere ibilgailuan, bi lagunekin, eta udaltzainak gelditzeko agindu zion. Orduan hasi ziren gertakari horiek.

Kexagileak dioenez, bete zuen gelditzeko agindua, eta udaltzainak pasatzea baimendu zionean, berriz ibilgailua gelditu zuen El Corte Inglés non zegoen eta trafiko mozketak zergatik egin ziren galdetzeko, ez bera ez bere lagunak ez baitziren Gasteizkoak eta noraezean baitzebiltzan.

Udaltzainak ez omen zion erantzun bere galderari, oihukatu omen zion toki guztietan iragarrita zegoela eta aurrera jarrai zezala.

Herritarrak lanbide-identifikazioaren zenbakia eskatu zion udaltzainari, eta hark, eman beharrean, ibilgailuaren matrikula idatzi omen zuen, aurrera jarraitzeko agindua ez betetzeagatik bera salatzeko.

Azaldu zigunez, udaltzainaren jokaera ikusita, aurrerago aparkatu zuen bere ibilgailua eta udaltzainarengana joan zen, bere ustez gehiegizkoa eta errespeturik gabekoa zen jokaeraz kexatzeko, baina udaltzainak ez zion jaramonik egin arreta eskatu zionean.

Horregatik, Arartekoak Gasteizko Udalari gomendatu dio iker dezala polizia-jarduera hori, udaltzainak bere eginkizunetan muga gainditu zuen egiaztatzeko, eta berriz azter dezala ezarritako isuna.


Vitoria-Gasteiz, 2019ko urtarrilaren 24a


Lotutako dokumentazioa

Arartekoaren 2018R-2864-17 Ebazpena, 2018ko abenduaren 20koa. Horren bidez, udaltzain baten jardunaren inguruko kexari erakunde honen gomendioekin bat tratamendua ematea eta, bide batez, kexagileari jarri zitzaion zehapena ikuskatzea eskatzen zaio Gasteizko Udalari. Udaltzainak salatu zuen bere jardunean trafikoaren araudia arau-hausteagatik.