Arartekoak Gipuzkoako Bide Azpiegituretako Departamentuari gomendatu dio elektronikoak ez diren bitartekoak jar ditzala Bidegiren bitartez bide-azpiegiturak erabiltzeagatiko kanona kudeatzeko eta biltzeko

Herritar batek kexa egin zuen, ez baitzegoen ados Bidegiren jarduerarekin. Bidegik (Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako Departamentuari atxikitako sozietatea) ez zuen lotu kexagilearen ibilgailua banku-txartelarekin Beasaingo autobiako erabiltzaile gisa, posta elektronikorik ez zeukalako.

Bidegiri eman zaio bide azpiegiturak erabiltzeagatiko kanona ordainarazteko, kudeatzeko eta biltzeko eginkizuna eta, zehazki, Beasain eta Bergara arteko bide-zatikoa.

Kanon hori kudeatu eta biltzeko, web orri bat prestatu zuen. Bertan, autobiaren erabiltzaileek beren datuak sartu behar dituzte, ibilgailu-matrikula bat banku-txartel batekin lotu ahal izateko. Web horri horrek “posta elektronikoa” datua ematera behartzen du sisteman baliozkotzat jotzeko eta, horrela, matrikula banku-txartelarekin lotu ahal izateko. 

Arartekoa sentsibilizatuta dago herritarrek, bitarteko elektronikoak erabiliz, administrazioarekin harremanak izatean dituzten eskubideekin. Horregatik, azterlan hau argitaratu zuen: “Administrazio digitala eta herritarrekiko harremanak. Euskal administrazio publikoetarako aplikazioa”. Azterlan horretan azaltzen du, besteak beste, eten digitalak zer neurritan eragiten dien talde edo pertsona jakin batzuei beraien eskubideak baliatzeko orduan, eta benetan nola gauzatzen diren harreman digitalak herritarren eta administrazioaren artean.

Horregatik, kasu honetan, Arartekoak Gipuzkoako Foru Aldundiari gomendatu dio ezar ditzala gobernu onari buruzko printzipioak, Gobernu Onaren gaineko 4/2019 Foru Arauan bertan eta herritarrak artatzeko foru-sisteman araututakoak. Horretarako, bitartekoak jar ditzala, herritarrek aukeratu ahal izan dezaten zer bide erabili nahi duten murrizketarik edo bereizkeriarik gabe foru-sektore publikoarekin harremanak izateko, batez ere kontuan hartuta kanon hori arautzen duen foru-arauak ez duela ezartzen posta elektronikoa jakinarazteko betebeharrik Bidegiri eman zaion eginkizuna betetzeko (bide azpiegiturak erabiltzeagatiko kanona kudeatzea, ordainaraztea eta biltzea).

Era berean, herritarrak posta elektroniko bat ematera behartzeari buruz, gomendatu dio datuak minimizatzeko printzipioa ezar dezala, ez baitirudi nahitaezkoa ez beharrezkoa datu hori tratatzea matrikula banku-txartelari lotuz kanonaren ordainketa kudeatzeko.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko urriaren 11a


Lotutako dokumentazioa

Ebazpena