Arartekoak gomendatu du berriz azter dadila unibertsitate-ikasketak egiteko beken eskaerak eta gainontzeko izapideak nahitaez elektronikoki egin beharra arautzen duen dekretua

Herritar batek Arartekora jo zuen, ez baitzituen epe barruan aurkeztu bere alabari unibertsitate-beka bat emateko hainbat agiri, izan ere, ez zeukan ziurtagiri digitalik telematikoki aurkezteko, eta posta zerbitzuaren bitartez egin zuen. 

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak ez zuen onartu eskaera, bere ustez, epez kanpo zegoelako eta deialdian ezarritako prozedura erabili ez zelako.

Deialdi horietan tramitazio elektronikoa baliatu behar dela xedatzen du 98/2020 Dekretuak, uztailaren 28koak, zeinaren bidez arautzen baita unibertsitate- eta unibertsitatekoak ez diren goi mailako beste ikasketa batzuk egiteko beken eskaerak eta gainerako tramiteak era elektronikoan derrigorrean egin beharra.

Arartekoak onartzen du Hezkuntza Sailak ahalegina egiten duela beken deialdien prozesu masiboetan tramitazio guztia telematikoki egin ahal izateko.

Alabaina, ez zaio arrazoizkoa iruditzen nahitaez bide telematikoa erabiltzeko betebeharra ezartzea, kontuan hartu gabe laguntza horiek jaso nahi dituzten pertsonak zer egoeratan egongo diren ekipamenduari edo bitarteko elektronikoei dagokienez. 

Erakunde honen iritziz, beharrezkoa da administrazio elektronikoaren garapena eta ezarpena sustatu eta finkatzea. Ildo horretan, goresgarriak dira administrazio publiko guztiak egiten ari diren ahaleginak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legetik eratorritako azpiegitura teknologiko guztiak ezartzeko. 

Baina, aldi berean, begi-bistakoa da horrek ezin dituela murriztu herritarren eskubideak administrazio publikoekin dituzten harremanetan, ezta zerbitzu publikoen kalitatea narriatu ere.

Horregatik, Arartekoak Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailari hauxe gomendatu dio: arrakala digitala saihesteko eta pertsona guztiak tramitazio elektronikora behar bezala igarotzea errazteko, berriz azter dezala dekretu hori, sistema osagarri bat eransteko, eskaera eta dokumentazioa telematikoak ez diren bitartekoen bidez aurkeztu ahal izan daitezen eta modalitate hori datozen deialdietan sartu ahal izan dadin. 

Era berean, gomendatu dio aldi baterako hainbat zerbitzu jar ditzala bitarteko elektronikoak erabili nahi dituztenei laguntzeko, gutxienez beka eskatzeko aldietan, bereziki lehen urtekoan.


Vitoria-Gasteiz, 2022ko ekainaren 8a


Lotutako dokumentazioa

Ebazpena