Arartekoak gomendio berria egin dio Gipuzkoako Foru Aldundiari, Bidegiren kudeaketagatik

Arartekoak Gipuzkoako Bide Azpiegituretako Departamentuari gomendatu dio arautu dezala A-636 bideko kanon ordaindu gabea borondatezko aldian ordaintzeko errekerimendu-prozedura (Bidegik egina) eta ezar ditzala kanal-aniztasunaren eta hurbiltasunaren printzipioak betetzen

Herritar batek Arartekoari adierazi zion ez zegoela ados Bidegik zor bat ordaintzeko ezarri zuen moduarekin. Foru-merkataritza sozietate horrek esleituta dauka bidesaria duen A-636 bideko kanonaren kudeaketa, ordainarazpena eta ustiapena. Kexagileak hainbat joan-etorri egin zituen Gipuzkoako A-636 bidetik, bidesariaren kanona ordaindu gabe. Gero, Bidegik zorra borondatezko aldian (bi hilabeteko epean) ordaintzeko errekerimendu bat bidali zion, non adierazi baitzion sortutako zorra (6,22€) ordaintzeko, foru sozietate horren web orrian sartu behar zuela.

Kexagileak ordaintzeko borondatea erakutsi zuen, jakinarazi zuen Internetekin arazoak zituela bere adinagatik, eta beste ordainbide bat eskatu zuen. Bidegik adierazi zion Internet bidez bakarrik egin zitekeela, edo sozietate publiko horrek Usurbilen dituen bulegoetara joanez. Ordaintzeko errekerimendua joan-etorrien ondoko hilabete eta erdi geroago iritsi zitzaion; horregatik eta erreklamazioa egiten eta arreta jasotzen igaro zen denboragatik, amaitu egin ziren borondatezko epean ordaintzeko bi hilabeteak. Behin denbora hori igarota, Gipuzkoako Bide Azpiegituretako Departamentuak ez ordaintzeagatik salatu zuen kexagilea, eta zehapena jakinarazi zion.

Gertakari horietan oinarrituta, Arartekoak ebazpen bat bidali dio aldundi horri. Bertan nabarmendu du ez daudela araututa Bidegik egindako jarduerak, hau da, bi hilabeteko borondatezko aldian ordaintzeko errekerimenduak. Horrela, ez dirudi egokia herritarrak, zorrak kitatzeko, sozietate publiko baten web orria erabiltzera behartzea. Gainera, gehiegizkoa da kexagilea bizi den udalerritik 50 km baino gehiagora kokatuta dauden bulego batzuetan aurrez aurreko ordainketa eskaintzea (hori ere arautu gabea). 

Beraz, Arartekoak foru administrazio horri gomendatu dio arautu dezala diru-bilketako prozedura, herritarrek jakin dezaten, besteak beste, zeintzuk diren beren eskubideak eta betebeharrak, baita ordainbideak ere, administrazioarekin harremanak izateko bidea aukeratzearen eta hurbiltasunaren printzipioetan oinarrituta. Horrez gain, ebazpenean hauxe adierazi da: foru-araudiaren arabera, Bidegiri esleitu zaiola kudeaketa, ordainarazpena eta diru-bilketa; hala ere, ez dirudiela eskumen horiek esleituta dituenik estatutuetan, ezta ere Aldundiarekin artikulatutako mandatuetan edo beste tresna batzuetan. Horregatik, gai horretaz lehenago egindako zenbait gomendio eta iradokizun aipatu behar izan ditu.

EBAZPENA

Vitoria-Gasteiz, 2024ko otsailaren 29a