ARARTEKOAK HERRIAREN DEFENDATZAILEEN KOORDINAZIORAKO XXII. JARDUNALDIETAN

\"Defentsa-erakundea eta bere erabilgarritasuna\"du izenburu jardunaldien edizio berri honek. Iñigo Lamarca arartekoa berak zuzentzen duen erakundeko ordezkari batzuekin joango da jardunaldietara
Ehunetik gora lagunek hartuko dute parte urriaren 22 eta 23an Bartzelonan izango diren Herriaren Defendatzaileen Koordinaziorako XXII. Jardunaldietan. Foro horretan, esperientziak eta ideiak elkarri jakinarazten zaizkio eta erakunde horien jarduerarekin eta helburuekin lotutako gai komunak azaldu eta eztabaidatzen dira, baita herriaren defendatzaile guztiei dagozkien gizarteko gai eta arazoak ere.

Estatuko Ombudsmanen lana eta eginkizuna barrutik eta kanpotik ikuskatzeko saiotzat har daitezke jardunaldiok. Barrutik, defentsa-erakundeek beren laneko hainbat alderdi aztertu dituztelako, eta kanpotik, jardunaldi horietan unibertsitateko irakasle batzuek parte hartuko dutelako eta beren hitzaldietan Ombudsmanen eraginkortasuna baloratuko dutelako, baita haiek gizarte-egiturarekin, administrazioarekin eta Legebiltzarrarekin dituzten harremanak ere.

Hiru lan-mahai osatuko dira, defentsa-erakundeek beren lana eta erabilgarritasuna baliozta dezaten. Balioztapen horrek aurrez egindako lan bat hartuko du abiapuntu, izan ere, galdera-sorten bidez informazioa bildu da eta informazio hori defentsa-erakunde guztietako ordezkariek esku hartutako lantegi batzuetan aztertu da. Informazio horretan hiru jarduera-eremu zabal aipatzen dira: gizarte-zerbitzuak, osasuna eta hezkuntza.

Jardunaldi horiek dirauten bitartean, urriaren 22 eta 23an, Herritarren Eskubideen Foroaren 6. edizioa ere burutuko da. Jendearentzat irekitako bi debate egingo dira eta, horietan, hainbat gizarte-erakunderi emango zaie hizpidea, hala nola, Gurutze Gorriari, Cáritas-i edo Andalucía Acoge erakundeari, eta zenbait iritzi-sortzaileri ere bai, esaterako, Javier Marías, Manuel Rivas, Carme Riera eta Luisa Etxenikeri, defentsa-erakundeez eta etorkizunean izan beharko lituzketen erronkez beren iritzia eman dezaten.

Vitoria-Gasteiz, 2007ko urriaren 19a