Arartekoak informazioa eskatu du joan den astean Euskadiko espetxetan gertatutako bi presoren heriotzaz

Joan den astean, bi lagun hil ziren euskal espetxe-administrazioaren eskumeneko bi espetxetan. Arartekoak ofiziozko jarduera bat hasi du horren gainean, hainbat hedabidetatik nahiz Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak egindako adierazpenetatik bildutako informazioaren ondorioz.

Otsailaren 28an aurkitu zuten lehen hildakoa, 22 urteko gazte bat, Zaballako (Araba) bere ziegan, eta martxoaren 1ean bigarrena, 57 urteko gizonezkoa, Martuteneko (Gipuzkoa) espetxeko osasun-eremuan zegoen ziegan. Bi kasuetan, heriotzen inguruabarrak kontuan hartuta, litekeena da bi buru-hiltze izatea.

Jendaurrean jakinarazi denez, Eusko Jaurlaritzak dagozkion espedienteak hasi ditu bi kasuetan gertatutakoa ikertzeko, eta Arartekoak jakin ahal izan duenez, barne-ikerketa egiten jarraitzen du egintzak argitzeko. Era berean, berriz aztertzen ari da espetxeetan buru-hiltzeei aurrea hartzeko protokoloa.

Buru-hiltzeek dakarten arazoaz gain (horren berri eman genuen 2019. urteaz Eusko Legebiltzarrari egin genion urteko txostenean), espetxean gertatzen diren heriotza guztiek erantzuna eskatzen digute erakunde gisa.

Arartekoaren helburu nagusien artean, giza eskubideak sustatu, zabaldu eta defendatzea dago, eta lehen-lehenik bizitzeko eskubidea bermatu behar du espetxe-administrazioa bezalako erakunde publiko batek; gainera, eskubide horrek lotura berezia du presoekin, eta Konstituzio Auzitegiak oso finkatua du gai horren gaineko jurisprudentzia (Konstituzio Auzitegiaren 175/2000 Epaia, ekainaren 26koa).

Vitoria-Gasteiz, 2023ko martxoaren 9a