ARARTEKOAK IRMOKI GAITZESTEN DU LUIS CONDE DE LA CRUZ ARMADAKO BRIGADAREN ERAILKETA, ETAK SANTOÑAKO PORTUKO AMA BIRJINA MILITARREN PATRONATUAREN KONTRA EGINDAKO ATENTATUAN HIL BAITU

Iñigo Lamarca arartekoak bere harridura, sumindura eta gaitzespenik irmoena adierazi nahi du Luis Conde de la Cruz armadako brigadaren erailketaren aurrean, ETAk bart goizaldean Santoñako Portuko Ama Birjina Militarren Patronatuaren kontra egindako atentatu basatiaren ondorioz hil baita. Bere laguntza eta agurrik beroena helarazi nahi dizkie hildakoaren senide, lagun eta lankide guztiei, eta, orobat, bere elkartasuna adierazi zaurituei eta kaltetutako pertsona guztiei.

Bizikidetasun demokratikoaren eta herritarren segurtasun eta askatasunaren kontrako eraso krudel honek indartu egin behar du herri-aginte eta gizarte-erakunde guztiek lanean jarraitzeko hartutako konpromisoa, balio demokratikoak lehenbailehen nagusitu daitezen terrorismoaren, fanatismoaren eta totalitarismoaren aurka. Horregatik, arartekoak euskal herritar guztiei mugitzeko deia egin nahi die, ETAri desegin dadila eska diezaioten, giza eskubideetan sakonduz eta giza eskubideak errespetatzeko balioak gure gizarte osoan zabalduz.

Arartekoak irmoki gaitzetsi nahi ditu baita Ondarroako Ertzain-Etxearen aurka eta Vitoria-Gasteizko Vital Kutxaren egoitzaren aurka egindako atentatu basatiak. Aldi berean Ertzaintzari, Vital Kutxari eta kaltetutako bizilagunei bere elkartasun sakona adierazi nahi die.


Vitoria-Gasteiz, 2008ko irailaren 22a