Arartekoak Izenpe s.a. enpresari iradoki dio aintzat har dezala ziurtagiri kualifikatua emateko eskatzen den sinaduraren ordez, horretarako notario-ahalordea aurkezteko aukera

Pertsona batek Arartekoari esku hartzeko galdegin zion, Izenpe S.A. ziurtapen eta zerbitzu enpresak ez baitzion onartu bere gurasoek (adin handikoak biak) bere alde emandako notario-ahalorde bat beraien izenean gestioak egin ahal izateko, besteak beste, Izenperi ziurtagiri elektronikoak eskatzeko.

Kexagileari adierazi ziotenez, notario-ahalorde hori edukitzeak, klausula berezi hori izan arren, ez du ahalbidetzen gurasoak identifikatzea, eta horrexegatik ukatu zioten eskaera; beraz, ezin zioten gurasoentzat ziurtagiri digitalik eman, ziurtagiri eskatzaileak berak joan behar baitu ziurtagiria jasotzeko hitzordura, edo, bestela, haren ordezkoak notarioaren aurrean legitimatutako baimen-orria eta gainontzeko agiriak eraman behar baititu.

Arartekoaren ustez, nahiz eta hori izan Izenpe S.A.k argitaratu duen herritarrentzako ziurtagirien politika, eta indarreko sektore-araudiari kalterik egin gabe, beste interpretazio bat ere egin liteke notario-legeriaren argitan, bada, notarioak, dudarik gabe, ziurtatu ditu eskatzaileen sinadurak, eta horiek espresuki adierazi duten nahietako bat sinadura elektronikoko ziurtagiriak eskatzea da, besteak beste, Izenpe S.A.rena.

Horregatik, Arartekoak Izenpe S.A.ri iradoki dio azter ditzala herritar horrek emandako ahalordea eta bere gurasoen izenean eskatutako ziurtagiri elektronikoa kudeatzeko dituen eskumenak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko apirilaren 27a


Lotutako dokumentazioa

Arartekoaren 2021S-1891-20 Ebazpena, 2021eko apirilaren 14koa. Horren bidez, IZENPE S.A. ziurtapen eta zerbitzu enpresari iradokitzen zaio kontuan har dezala ziurtagiri kualifikatu bat emateko eskaeraren sinadura ordezteko aukera, horretarako emandako notario-ahalordearen bidez.