Arartekoak Ondarroako Udalari eskatu dio berariaz ebatz dezala herritar batek duela lau urte egin zuen eskaera

Herritar batek Arartekora jo zuen, izan ere, 2018ko abenduan, Ondarroako Udalari eskatu zion berrazter zitzala ondasun higiezinen gaineko zerga (OHZ) gisa azken lau urteetan bidali zizkion ordainagiriak, baina ez zuen erantzunik jaso. 

Herritar horrek etxebizitza bat dauka, Alokabideri lagata, alokairu babestu baten bidez merkaturatzeko. 

Kexan adierazi zuenez, sozietate publiko horrekin sinaturiko gozamen-kontratua berritzean, Alokabidek jakinarazi zion %50erainoko murrizketa izan zezakeela OHZn ordaindu beharreko kuotan.

Bere eskaerari buruzko erantzunik jasotzen ez zuenez gero, berriro formalki egin zuen eskaera, baina udalak oraindik ez du horretaz ezer adierazi. 

Arartekoak herritar horren eskaera berariaz ebatz zezala eskatu zion Ondarroako Udalari.

Erantzunik jaso ez zuenez gero, erakunde honek informazio-errekerimendu bat bidali zion udalari, eta geroago udalarekin zenbait gestio egin arren, udalak oraindik ez du baloratu, ezta berariaz ebatzi ere kexagilearen eskaera, nahiz eta ia 4 urte igaro diren eskaera hori erregistratu zenetik.

Horregatik, Arartekoak Ondarroako Udalari gomendatu dio berariaz ebatz dezala herritar horren eskaera, eta eman diezaiola hartutako erabakiaren berri.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko urriaren 26a


Lotutako dokumentazioa

Ebazpena