ARARTEKOAREN 1/2015 GOMENDIO OROKORRA, URTARRILAREN 20KOA

EUSKADIN FAMILIETAN HARTUTAKO HAUR ETA NERABEAK ZAINTZEA

Ararteko erakundean betidanik arreta eskaini izan diogu Euskadiko familia-harreraren egoerari, eta hainbat aldiz jorratu dugu gai hori. Besteak beste Arrisku egoera berezietan dauden adingabeak txosten berezian eta bideratu ditugun hainbat kexen bitartez. Kexa horiek denek familia-harrera kudeatzea zuten hizpide: bisiten erregimena, familia hartzaileari ematen zaion informazioa, egokitze-faseko laguntza, eta abar. Kexa askok, egoera zehatzak aipatu arren, oro har ezar daitezkeen ezaugarriak dituzte. Horregatik, Arartekoari bidezkoa iruditu zaio gomendio orokor bat egitea hiru foru aldundien Gizarte Ekintza edo Ongizate Sailei eta Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari.

Gomendioan hauxe gogorarazi dugu: familia-harrera baliabiderik egokiena da beraien familiekin hazterik ez daukaten haur eta nerabeentzat, eta lehentasunezkoa dela aitortzen da bai Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenean, bai ezarri beharreko euskal araudian ere. Hala ere, ikus daitekeen errealitatea ez dator bat lehentasunezko izaera horrekin; horregatik, erabakitasunez eta atzerapenik gabe familia-harreraren alde apustu egin dadila eskatu beharko litzateke, haurrak babesteari dagokionez Europan erreferente diren herrialdeekin bat etorriz.

Familia-harreran dauden haur eta nerabeen eskubideak, familia biologikoen eta hartzaileen eskubideak bezalaxe, hobeto bermatuko lirateke familia-harrera zehazki arautuko balitz. Entzuna izateko eta bere iritzia kontuan hartua izateko eskubideak garrantzi berezia du harreraren bilakaera aztertzean eta haurren beharrak eta eskubideak modu egokian betetzen direla bermatzeko orduan.

Harrera egiten duten familiak ere gehienak boluntarioak orain zaindu egin behar dira. Horiek funtsezkoak dira babesik gabeko neska-mutilei inguru egonkor eta seguruak emateko. Ume horiek inguru horietan senda ditzakete jasandako kalte emozionalak eta egin dezakete aurrera beraien garapen fisiko, intelektual eta emozionalean. Horretarako, beraien eskaera batzuei erantzunez, gomendioan adierazten da beharrezkoak direla informazio gehiago, profesionalen laguntza egonkorragoa, presentzia handiagoa familietan hartutako haurrei buruzko erabakietan eta diru-laguntzak autonomia erkidego osoan berdintzea.

Azkenik, emantzipazioaren unea oso kontuzkoa eta zaila dela kontuan hartuta, ezinbestekoa da aldez aurretik prestakuntza jasotzea eta, behin emantzipatuta, laguntza izatea, harrera-familiarekin bizitzen jarraitzen badute nahiz jarraitzen ez badute.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko urtarrilaren 27a


Lotutako dokumentazioa

Euskadin harrera egin zaien haurren eta nerabeen arreta.