Arartekoaren 2006ko txostena Legebiltzarrean aurkeztea


  • 2006. urtean 4.092 kontsulta izan ziren, erakundearengana telefonoz zuzendu diren zein gure bulegoetara bertaratu diren pertsonenak.
  • Arartekoaren arreta zuzeneko bulegoetan guztira 2.585 bisita jaso dira. Horietatik, % 24,95ek kexa aurkeztu dute.
  • Hazten doa Internet bidez aurkezten diren erreklamazioen kopurua. Hain zuzen ere, erreklamazioen %31,58 bide horretatik aurkeztu dira.
  • Arartekoan guztira 1.678 erreklamazio aurkeztu dira eta, horietatik, %11,32 talderen bati dagozkio.
  • Aurten, gainera, ofiziozko 64 espediente hasi dira.
  • Kexen %49,25 udalen aurkakoak izan dira, %33,89 Eusko Jaurlaritzaren jardueren aurkakoak eta %12,73 foru administrazioen aurkakoak.
  • Galde-sortari erantzun dioten erreklamatzaileetatik %85,07k Arartekoaren esku hartzearen "oso balorazio ona edo nahikoa ona" egiten dute.
  • Aztertu ondoren okerreko jardueraren bat agertu duten erreklamazioen %95,15en, ukitutako administrazioak kexa eragin duten jarduketak zuzendu ahal izan ditu.

2006. urtean 4.092 kontsulta izan ziren, erakundearengana telefonoz zuzendu diren zein arreta zuzeneko bulegoetara bertaratu diren pertsonenak. Guztira 2.585 bisita jaso dira eta, horietatik, 645 kexa bihurtu dira. Horrek arreta zuzeneko bulegoetan egiten den aurretiazko lanaren garrantzia agerian uzten du -arrazoi ugarirengatik, Arartekoak ikertzerik izango ez duen erreklamazioak ez onartzean-. Gainera, Internet ere finkatu egin da herritarrek erreklamazioa aurkezteko dituzten bitartekoen artean. Kexen %31,58 bide horretatik aurkeztu dira.

2006an, herritarrek guztira 1.678 kexa aurkeztu dizkiote Arartekoari. Horietatik %11,32 talderen batek aurkeztu du. Herritarrek aurkeztutako kexez gain, Ararteko erakundeak, bere ekimenez, hainbat gai ikertzeari ekin dio, izan ere, gai horietan jarduketa irregularrak egon zitezkeela edo zerbitzu berriak emateko edo laguntzeko aukera zegoela pentsatzen zuen. Guztira ofiziozko 64 jarduketa izan dira.

2006. urtean bertan erabat izapidetu diren kexei dagokienez, aztertu diren banakako edo taldeko kexen %36,84n okerreko jarduerak atzeman dira. Baina ukitutako administrazioak kexa eragin zuten jarduketak zuzendu ahal izan ditu, okerreko jardueraren bat agertu duten erreklamazioen %95,15en. Kasu gehienetan (%98,1) ez zen beharrezkoa izan gomendiorik egitea. Hortaz, erakundearen eraginkortasun-maila oso ona dela ikus daiteke.

Ohi bezala, 2006an ere erreklamazio gehienak toki administrazioaren aurkakoak izan dira, hau da, izapidetutako kexa guztien %49,25. Eusko Jaurlaritzaren aurkako kexak %33,89 izan dira eta foru administrazioaren jardueren aurkakoak, berriz, %12,73. Ohartarazi behar dugu espedienteetan inplikatutako administrazioak ikertzeak ez duela okerreko jarduerarik egin dutenik esan nahi, haren jardueraren bat kexa gai izan dela baizik. Udalerriei dagokienez, Bizkaiko udalek jaso dituzte kexa gehien, hain zuzen ere, kexa guztien %51,05; Gipuzkoakoek %25,02 eta Arabakoek %20,52 jaso dituzte.

Kexa aurkeztu dutenek euren borondatez eta izena eman gabe betetzen duten inkestak adierazten du Arartekoaren esku-hartzea oso ona edo nahikoa dela (erantzun dutenen %85,07k), baita kexa ebatzi ez den edo beren aurka ebatzi den kasuetan ere.

Urteko txostenean, euskal administrazioei eginiko hiru gomendio orokor sartu ditugu. Hau da gomendio horien izenburua:

  • Adin tartearen garrantzia adoptatzeko egokitasuna erabakitzerakoan
  • Erreklamazio ekonomiko-administratiboak euskal herriko udal zergen eremuan
  • Oinarrizko errentaren prestazioa arautzen duen apirilaren 20ko 198/1999 dekretuan aipatzen den bizikidetzako unitate ekonomiko independentea berrikusteko beharra

Vitoria-Gasteiz, 2007ko martxoaren 28a


Lotutako dokumentazioa

Eusko Legebiltzarrarentzako txostena 2006