Arartekoaren 2022ko Txostena Eusko Legebiltzarrari

2022an zehar, 12.704 jarduketa egin dira guztira (aurreko urtean baino pixka bat gehiago); horietatik, 7.504 kexei eta kontsultei dagozkie eta 21 ofiziozko espedienteei (arloka, Haur eta Nerabeentzako Bulegoari eta segurtasunari dagozkionak nabarmentzen dira).

Zuzeneko arretaren bulegoetan guztira 9.653 zerbitzu eman ditugu. Horietatik, 4.664 hiru bulegoetako batean aurrez aurre aurkezturiko kexak eta kontsultak izan dira, eta 4.989 zerbitzu telefoniko bidezko aholkularitza eta informazioari buruzkoak izan dira.

58 bilera egin ditugu gizarte-erakundeekin eta aktiboki hartu dugu parte funtsean administrazioek, gizarte-erakundeek eta defentsa-erakundeek sustaturiko ekimenekin loturiko hainbat ekintza, jardunaldi eta ekitalditan; autonomia-erkidego eta estatu mailan zein nazioartean. 2022an mota horretako 147 jarduera izan dira. Era berean, Arartekoak Europara zein nazioartera begira garatu dituen 28 jarduerak nabarmentzen dira.

2022an zehar, 2.328 kexa-espediente ebatzi dira, eta 1.355 ebazpen eman dira. Gainerako kasuetan, erabaki da kexak behingoan ez onartzea, bikoiztuta zeudelako, beste herriaren defendatzaile batzuei aurkeztu zitzaizkien-eta; ebazpen judizialaren zain zeudelako edo epai irmoa zutelako; auzibidera jo zelako, eta abar. Kexa-prozeduren batez besteko iraupena 66 egunekoa izan da.

Kexa-espediente horiek aztertuta, ikusi dugu horien %47an ukitutako administrazioak oker jardun zuela; ehuneko hori aurreko urtekoa (%45) baino handiagoa da. Kasuen %88an, ukitutako administrazioak erreklamazioa eragin zuen jarduna aldatu eta zuzendu du. Kasu gehienetan, Arartekoak ez du gomendio formala egin beharrik izan.

Hala ere, COVID-19agatiko itxialdiak jarduerak etenarazi ondoren, euskal administrazio batzuk ez dira behar bezala arduratu Arartekoarekin lankidetzan aritzeaz.

Horrela, Arartekoak kezkatuta ikusi du nola apurka-apurka arreta gutxituz joan den kexa-espedienteetako informazio-eskaerei erantzuteko orduan, baita ere gure ebazpenak onartzen diren ala ez jakinarazteko orduan; horren ondorioz, luzatu egiten da kexak ebazteko denbora.

Hortaz, Arartekoak zenbait neurri abiarazi ditu administrazioei bidaltzen dizkien jakinarazpenei buruzko arreta-errekerimenduak areagotzeko. Horrela, harremanak sendotu ditu eta gogorarazi du Arartekoari ez laguntzeak zer-nolako ondorioak dituen herritarren eskubideak bermatzeko eta erakundeak berak sinesgarritasuna izateko. 

Kexek hizpide duten gai-arloaren arabera gizarte-bazterkeriaren aurka borrokatzeko bitartekoei loturiko erreklamazioak pixka bat jaitsi direla antzeman dugu: 458 (2021ean 508 izan ziren). Kexa-espediente horietatik, %90 baino gehiagok Lanbideren funtzionamendu txarrarekin zerikusia daukaten arazoak dituzte hizpide, baita diru-sarrerak bermatzeko errenta eta etxebizitzarako prestazio osagarria kudeatzearen arloan burutu dituen jarduketekin loturikoak ere.

Izapideturiko kexa-espedienteen %46 inguruk lotura dute gizarte-eskubideekin (osasuna, gizarteratzea, etxebizitza, hezkuntza eta abar).

Halaber, kexetako asko arreta publikoko kolektiboei buruzkoak dira, %6a baino pixka bat gehiago. Espediente horietako askok (gizarteratze arlokoak barne) pertsona guztien berdintasun erreala eta eraginkorra bermatzeko politika publikoekin zerikusia dute, eta horien helburua da emakumeek, adinekoek, haur eta nerabeek, ezgaitasunen bat duten pertsonek, LGTB kolektiboak, immigranteek, ijitoek eta abarrek eskubide hori baliatzeko dituzten eragozpenak desagerraraztea.

Administrazio bakoitzari eragiten dioten espedienteen proportzioari dagokionez, aurreko urteetan bezala, Eusko Jaurlaritza izan da idatzizko erreklamazio gehien jaso dituen erakundea 2022an (ia %54), eta euskal udalen jarduketei buruzko kexak aldaketa handirik gabe mantentzen dira (%34). %10 inguruk foru-aldundiei eragiten die.

Nolanahi ere, espedienteetan ukitutako administrazioen jardunak ikertzeak ez du esan nahi jarduera okerrik egin dutenik, baizik eta erreklamazioak beren jarduketaren bat izan duela hizpide.

Nazioarteko jardueren artean, bereziki nabarmendu behar da erakunde honek Oinarrizko Eskubideen Europako Agentziaren (FRA) txosten batzuetan parte hartu duela; Emily O’Reilly Europako herriaren defendatzailea bisitan etorri zela Euskadira, Arartekoak gonbidatuta; justizia klimatikoari buruzko ENYA foroa antolatu zela (Europako zenbait herrialdetako neskato-mutikoak bertan hartuta), baita Hizkuntz Komisarioen Nazioarteko Sarearen (IALC) urteko biltzarra ere, biak Bilbon.


HAUR ETA NERABEENTZAKO BULEGOA

Berariaz haurrak eta nerabeak aipatu dituzten edo horiek tartean egon direla adierazi duten kexei dagokienez, 2022an, guztira 560 espediente izan dira, hau da, Arartekoan aurkeztutako kasu guztien % 19,71. Jasotako kexa guztien artean, bi baino ez ditu adingabe batek zuzenean aurkeztu.

Hezkuntza-esparruari lotutako gaiak izan dira ohikoenak (% 39,6), eta haurren bizitzako baldintza materialei buruzkoek gertutik jarraitu diete (% 31,2). Gainerakoek zerikusia dute familiei babesa emateko politikekin, babesgabetasun egoeran dauden haurrentzako gizarte zerbitzuekin (osasunaren eta gizarte- eta osasun-gaien esparruetakoak) eta bestelako gai batzuekin (kirola, justizia, segurtasuna, kutsadura akustikoa, atzerritarrak eta abar).

ARARTEKOAREN 2022KO TXOSTENA EUSKO LEGEBILTZARRARI

Vitoria-Gasteiz, 2023ko martxoaren 28a