ARARTEKOAREN 4/2013 GOMENDIO OROKORRA, MARTXOAREN 4KOA.

ALDI BATERAKO KONTRATAZIO-BURTSAK ERREGULATZEN DITUZTEN ARAUETAN, DISKRIMINAZIO POSITIBORAKO NEURRIAK EZAR DAITEZELA, EZGAITUAK EUREN EZAUGARRIETARAKO EGOKIAK DIREN LANPOSTUETARA IRITSI AHAL IZATEA ERRAZTEKO.

Arartekora etorri zen herritar batek azaldu zuenez, enplegu publikoan sartzeko aukeraketa-prozesuak bukatu eta aldi baterako kontratuetarako lan-poltsak osatu ondoren, horietan dauden ezinduei ez zaie aplikatzen erabateko laneratzea lortzeko neurri positiborik.

Kontuan hartuta aldi baterako kontratu motak eta bitarteko langileen izendapenak behin betikoak baino ugariagoak eta malguagoak direla eta, orain bertan, biztanle askorentzat oro har -ezinduentzat bereziki- horietxek direla laneratzeko dituzten bide bakanetako bat, ofiziozko espediente bat hastea erabaki genuen, gai hori sakonago aztertzeko.

Administrazioek -guk hala eskatuta- eman diguten informazioa aztertu eta gero, egiaztatu dugu diskriminazio positiboko neurriak ezartzera behartzen duen legezko agindurik ez badago ere, hori ez dela oztopo izan administrazio batzuek jada neurri horiek ezarriak izateko, eta deigarria iruditu zaigu beste administrazio batzuek, zehazki, aldi baterako langile kopururik handiena dutenek, ildo horretan oraindik aurrerapausorik ez eman izana.

Beraz, Arartekoak gomendatzen die, batik bat oraindik neurririk hartu ez duten administrazioei, enplegu publikorako sarbidea eraendu behar duten printzipioak bermatuz, diskriminazio positiboko neurriak ezar ditzatela aldi baterako kontratuetarako beren lan-poltsak erregulatzeko arauetan, ezinduek beren ezaugarrietara egokitutako lanpostuak errazago eskura ditzaten.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko martxoaren 11


Lotutako dokumentazioa

Aldi baterako kontratazio-burtsak erregulatzen dituzten arauetan, diskriminazio positiborako neurriak ezar daitezela, ezgaituak euren ezaugarrietarako egokiak diren lanpostuetara iritsi ahal izatea errazteko.