Arartekoaren 6/2011 gomendio orokorra, urriaren 27koa

Haurrek eta nerabeek egindako kirola, une oro eta edozein testuinguruan, hezkuntza parametroen arabera garatzen dela bermatzearen egokitasuna.

Arartekoak honako gomendio orokor hau egin die botere publikoei.

GOMENDIOA

- Euskal herri administrazio eskudunek, bakoitza ordenamendu juridiko eta administratiboak derrigortzen edota ahalbidetzen duen heinean, haur eta nerabeekin bideratu beharreko hezkuntza kirol jardueraren garapen egokirako jokabiderik egokienak zehatz ditzaten eta horrek lehentasunez izan behar duen hezkuntza edukiarekiko kontrakoak direnak zigor ditzaten, une, eremu eta testuinguru orotan aplikagarria den diziplina erregimen baten bidez. Horrek, gutxienez, honakoa dakar:

- Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eskola kirola arautzen duen garapenean haur eta nerabeekin bideratutako kirolari esleitutako hezkuntza funtzioarekin egokiak eta koherenteak diren jokabideak gainera ditzala. Halaber, bertan aplikagarria den diziplina erregimenaren araudi garapena aztertu eta egunera dezala, kirola edozein une, eremu eta testuingurutan gertatuta ere gaitzesgarritzat jotako jokabideak zigortuz.

- Eskola kirolean eskumena duten hiru foru aldundietako sailek euren lurraldeetan eskola kirolaren antolamendua arautzen duten arau eta administrazio garapenetan kirolaren funtsezko heziketa-eginkizuna azpimarra dezatela, eta berariaz ezar ditzatela kirol jardueraren continuumean helburu horretarako egokiak diren jokabideak eta zigorgarriak diren jokabide gaitzesgarriak.


Lotutako dokumentazioa

Haurrek eta nerabeek egindako kirola, une oro eta edozein testuinguruan, hezkuntza parametroen arabera garatzen dela bermatzearen egokitasuna.