Arartekoaren erakunde-adierazpena, Emakumeen kontrako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko eguna dela eta

2019ko azaroaren 25a

Nazio Batuek adierazi dutenez, \"Emakumeen eta neskatoen aurkako indarkeria giza eskubideen urraketa zabalduenetako, iraunkorrenetako eta suntsitzaileenetako bat da gaur egungo munduan\".

Egun honetan Arartekoak gogorarazi nahi du emakumeen aurkako indarkeria matxista modu askotan agertzen dela eta ez dagokiola bikoteak edo bikote ohiak egindako indarkeriari soilik, baizik eta baita matxismo bortitzaren beste adierazpide batzuei ere, esaterako, sexu-indarkeriari eta jazarpenari, behartutako ezkontzei, emakumeak eta neskatoak salerosteari edo genitalen mutilazioari.

Nazio Batuek diotenaren arabera, datuak asaldagarriak dira: hiru emakumetik batek indarkeria fisiko edo sexuala pairatu du, ia 750 milioi emakume eta neskato 18 urte bete baino lehen ezkondu ziren, gutxienez 200 milioik jasan dute mutilazio genitala, pertsona-salerosketaren biktimetatik %71 emakumeak eta neskatoak dira, indarkeria matxista minbizia bezain heriotz eta desgaitasun sortzaile larria da ugaltzeko adinean dauden emakumeen artean. Urtero emakume asko hiltzen dira indarkeria kriminal horregatik gure planetako txoko guztietan, eta bizirik ateratzen direnek indarkeria horren ondorio kaltegarriak nozitzen dituzte beren osasun psikologikoan eta fisikoan, sarritan ondorio suntsitzaileak, bizitza osoan. Baina indarkeria ezagun hori emakumeak larritzen dituen benetako indarkeriaren zati bat baino ez da. Europan indarkeria jasan duten bi emakumetik batek bakarrik salatu edo kontatu dio horren berri baliabide publikoren bati edo bere inguruko pertsonei. Isiltasunaren kultura hori bukarazteko, ezinbestekoa da justizia-sistemak sakon aldatzea, eta politika publiko guztietan genero-ikuspegia eraginkortasunez sartzen dela ziurtatzea.

Emakumeen kontrako indarkeriak bere sustraiak hondoratzen ditu balio matxistek babesten duten desberdintasunean. Orobat, gaur egun horixe da eragozpen nagusia gizarte egiaz demokratiko eta aurreratua lortzeko. Horregatik, Arartekoak erantzun kolektibo irmoa eskatu nahi du gaur izurri iraunkor horren kontra, eta batez ere euskal gazteei zuzentzen zaie, gizarte-aldaketaren bektorea direnez, indarkeria matxistarik gabeko gizarte aske baten alde agertzeko orduan bat egin dezaten. Indarkeriaren aurkako borondateak batzeak esan nahi du, halaber, erakundeetan eta gizartean apustu egiten dela genero rolak eta estereotipoak kentzeko, neskatoak eta emakumeak gizarte-protagonismo osorantz ahalduntzeko, jarrera matxistak blindatzen dituen gizonezkoen korporatibismo horri aurpegi emateko, eta gizonen eta emakumeen arteko aliantzak sortu eta sendotzeko, benetako berdintasuna lor dezagun.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko azaroaren 25a