Arartekoaren erakunde-adierazpena, Gayen Harrotasunaren Nazioarteko Eguna dela eta

Gaur, ekainaren 28an, gayen harrotasunaren nazioarteko eguna ospatzen dela-eta, Arartekoak honako hau adierazi nahi du:

Gay, lesbiana, transexual eta bisexualen eskubide zibilak lortzeari buruz aurrerapen izugarriak egin diren arren, oraindik bizirik diraute joera sexualagatik edo genero identitateagatik egiten diren diskriminaziozko eta giza eskubideak urratzeko egoerek. Hori gogorarazi beharra dago. Halaxe salatu du orain dela gutxi Nazio Batuen Giza Eskubideetako Kontseiluak, joera sexualean eta genero identitatean oinarritutako giza eskubideen urratzearen kontra 2011ko ekainaren 17an hartu duen erabaki historikoan. Erakunde honek guztiz bat egiten du erabaki horrekin.

Gure gizartean, estalitako homofobia edo transfobiaren emaitza diren bereizkeriazko egoera horiek forma isilak edo ezkutukoak hartzen dituzte askotan, baina berdin-berdin urratzen dituzte eskubideak eta giza duintasuna. Bereizkeria modu hori politika publiko eraginkorren bitartez borrokatu beharra dago. Politika publikoek berariazko neurriak abiarazi behar dituzte bereizkeria modu hori antzemateko eta deuseztatzeko.

Bereziki, beraien joera sexualagatik edo genero identitateagatik gaur egun gorrotoaren, intolerantziaren eta mespretxuaren zama pairatzen ari diren gazte eta nerabeei lagundu behar zaiela gogorarazi nahi dugu, haiek ezin baitute askatasun osoz garatu, ez bete ere, beren barru-barruko bizi-nortasuna. Horregatik, presakoa eta beharrezkoa da, besteak beste, ikastetxeetan sistema eraginkor bat ezartzea, ikasle bakoitzak bere nortasuna, afektibitatea eta sexualitatea garatu ahal izango dituela bermatzeko, bere eskubideak ikaskideen eskubideen aldean inolaz ere murriztu gabe.

Gainera, adierazi nahi dugu gizartea kontzientziatzearen aldeko apustua egiten dugula, adin handiko gay, lesbiana, bisexual edo transexualei gizartean beren bizitzez erabat gozatzeko eskubidea onar dakien, eta beldurrik eta trabarik gabe erabili ahal izan ditzaten herritar gisa dagozkien ahalmen eta eskubide guztiak.

Nazioarteko onespen egun honetan, erakunde guztiei eta euskal gizarteari dei egiten diegu, maitatzeko eta norberak nahi duen bezalakoa izateko harrotasuna denok parteka dezagun.

 

Vitoria-Gasteiz, 2011ko ekainaren 28a