Arartekoaren gomendioari jarraiki, Getxoko Udalak aurretiaz hitzordua eskatzeko betebeharra kendu du herritarrak artatzeko bulegoetan aurrez aurreko arreta emateko

Arartekoak bi kexa izapidetu zituen, Getxoko Udaleko herritarrak artatzeko bulegoetan arazoak baitzeuden administrazio-izapide batzuk egiteko. Bi kasuetan, udalak herritarrei adierazi zien aldez aurretik ordua eskatu behar zutela administrazioarekin aurrez aurre harremanak izateko.

Arartekoak zenbait jarduera hasi zituen eta informazioa galdegin zion udalari, eta hark behar bezala erantzun zion eskaerari.

Gero, 2023ko azaroan, Arartekoak bi ebazpen eman zituen. Haietan, hurbiltasun printzipioa aipatu zuen lehendabizi, hauxe gogorarazteko: herritarrak artatzeko udal bulegoak administraziora sartzeko lehen atea direla, hara joaten direla herritarrak, administrazio onean oinarritutako zerbitzu publikoa emango zaielako uste osoarekin eta itxaropenarekin.

Gainera, administrazioarekin aurrez aurre harremanak izateko aldez aurretik nahitaez hitzordua eskatu beharrari buruz, Arartekoak uste zuen neurri hori ez zegoela gure legerian aurreikusitako arauetan oinarrituta, eta ez zetorrela bat administrazio ona izateko eskubidearekin. Horregatik, Getxoko Udalari gomendatu zion aurretiko hitzordua ez dadila nahitaezkoa izan herritarrak artatzeko bulegoetan aurrez aurre kasu egiteko, edo, bestela, sistema hori borondatezko aukera gisa jar dezala herritarrentzat.

Udalak onartu egin ditu gomendioak, eta jakinarazi du azaroaren bukaeratik informazioa aldatu zuela bai webgunean, bai herritarrak artatzeko bulegoetan beretan, eta iragarri du ez dela aurretiaz ordurik eskatu beharko ezein izapide egiteko; hala ere, hori egitea gomendatzen du, herritarrei hobeto kasu egin ahal izateko. 

Orobat, udalak bere erantzunean nabarmendu du ekipamendu bat ezarri duela herritarrak artatzeko bulegoetan, hitzordurik gabeko tiket sistema hobetzeko eta, hartara, modu ordenatuan kasu egiteko bai aurretiazko hitzordua dutenei, bai hitzordurik ez dutenei ere.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko urtarrilaren 15a