Arartekoen koordinaziorako XVIII. jardunaldiak

Gaurtik asteazkena arte, Mertxe Agundez jarduneko arartekoa Toledon eta Albaceten izango da, Arartekoen Koordinaziorako XVIII. Jardunaldietan parte hartzen.

Gaur, astelehena, ezgaituei, etxebizitza izateko eskubideaz eta etxeko indarkeriaz urtean zehar egindako lantegietan atera diren ondorioak aurkeztuko dira.

Bihar, asteartea, lan-bilkura izango da. Buruko gaixotasuna artatzean erabiltzen diren zerbitzu eta laguntza-baliabideen gaineko hainbat txosten eztabaidatuko dira. Horien artean, jarduneko Arartekoak txosten hau azalduko du: "Haur eta gaztetxoen buru-osasunean eta psikogeriatrian erabiltzekoak diren baliabide eta zerbitzuak". Buru-osasunezko arazoei aurre egitean azken urteotan gure erkidegoan izan diren aldaketak adierazitako ditu Mertxe Agundezek. Gainera, beste zenbait arazo, muga edo hobetu beharreko alderdi ere aipatuko ditu, buru-gaixoek beren arazoetarako ahalik eta arretarik onena jasotzeko duten eskubidea bermatzeko.

Gai horren gainean, Ararteko erakundeak zenbait lan egin ditu azken urteotan: Psikiatrikoak. Ospitale psikiatrikoetako buru-gaixoen egoera; Buruko gaitzaren trataera ospitaletik kanpo; Adinekoen egoitzak Euskal Autonomi Elkartean; Euskal Autonomia Erkidegoan egoitzez kanpo adinekoentzat dagoen laguntzari buruzko txosten berezia. Beste txosten monografiko batzuetan ere sortu izan dira buru-osasunari lotutako arazoak edo buru-gaixoen beharrei erantzutean aurkitutako mugak: Adin txikiko lege-hausleak; EAEko hezkuntza-premia bereziei emandako erantzuna; Euskal Autonomia Erkidegoko kartzeletako egoera; edo Pertsona ezgaituen lanerako aukerak EAEn.

* Txosten horiek guztiak eskura daude erakundearen web orrialdean www.ararteko.net.

Vitoria-Gasteiz, 2003ko urriaren 20a