Bitartekaritzaren Europako Eguna dela eta, Arartekoaren erakunde-adierazpena

2021eko urtarrilaren 21a Arartekoak egun honetan nabarmendu du bitartekaritzak gatazkan dauden aldeei eta erkidegoari protagonismoa ematen diela edonolako arazoak konpontzeko orduan, eta horiek konpontzen laguntzen duela.

Urtarrilaren 21ean Bitartekaritzaren Europako Eguna ospatzen da. Egun horrexetan onartu zen bitartekaritzari buruzko Europako lehen legegintza-testua: 1998ko egun horretan, Europako Kontseiluko Ministroen Batzordeak R (98) 1 Gomendioa onartu zuen, Familia Bitartekaritzari buruzkoa. Harrezkero, gatazkak konpontzeko tresna osagarri hori hedatuz joan da eta jada zenbait eremutan ezartzen da: erkidegoan, familian, eremu zibil eta sozialean, merkataritzan eta, batez ere, zigor arloan; horrela, azken urteotan, garapen garrantzitsua izan du justizia errestauratiboak (zigor arloko bitartekaritza eta beste teknika batzuk). Azken arlo horretan, mugarria da Europako Kontseiluaren (2018) 8 Gomendioa, estatu guztiei justizia modu hori bultza dezaten eskatzen baitie.

Arartekoak hurbiletik aztertu du Euskadin bitartekaritzak izan duen bilakaera eta sendotzeko bidea, bere lerro estrategikoen artean sartu du, gatazkak konpontzeko ordezko sistema hori sustatu du, eta sarritan lankidetzan aritu da arlo horretan Europan erreferentziakoak diren erakundeekin, adibidez, Justizia Errestauratiboko Europako Foroarekin (European Forum for Restorative Justice).

Horren haritik, 2019an, Arartekoak txosten berezi hau aurkeztu zion Eusko Legebiltzarrari: Euskal Autonomia Erkidegoan bitartekotza egitea, bi helbururekin. Alde batetik, Euskadin bitartekotzaren egoeraren mapa argi bat ezartzea, hori herritarrentzat, administrazio publikoentzat eta erakunde espezializatuentzat erabilgarri jartzeko. Beste alde batetik, Euskadin bitartekotzak izan duen garapena aztertzea eta proposamen nahiz gomendio batzuk egitea, gure erkidegoan bitartekotza garatzen laguntzeko.

Honatx txosten horretako gomendio nagusietako bi:

- Euskal administrazio publikoak aurrera egin behar du gai hori ikuspegi bateratuarekin aztertzeko. Horren oinarri izango dira sailen eta erakundeen arteko baterako koordinazioa eta plangintza, bitartekaritzarako dauden baliabideak optimizatzeko eta elkarren osagarri.

- Bitartekaritzaren gaineko araudi orokor bat behar da, Europako egungo joeran txertatuta eta Euskal Herriko Familia Bitartekaritzari buruzko otsailaren 8ko 1/2008 Legean eta hori garatzeko dekretuetan hasieran ezarri ziren eremu txikiak zabalduko dituena. Araudi horrek bere baitan hartu behar ditu beste era bateko gatazkak konpontzeko prozesuak: gatazka zibilak, merkataritzakoak, lanekoak, administratiboak, erkidegokoak, antolaketazkoak, auzoen artekoak, eskolakoak, eta abar, batez ere gizarte harremanak haustearekin lotuta baldin badaude eta juridikoa ez den esparrua gainditzen badute.

Egun honetan, Arartekoari iruditzen zaio Europa osoan tresnak landu behar direla gizarteak justizia administrazioan parte hartu ahal izan dezan, judizio barruko eta judizioz kanpoko formulen bitartez. Formula horiek alderdien arteko elkarrizketa eta topaketak ahalbidetu eta bultzatuko dituzte, baita erkidegoak gatazkak konpontzen modu eraginkorrean parte hartzea ere.

Orobat, bitartekaritzako zerbitzu publikoak eragile juridikoekin elkarlanean aritzeko bidea ezartzea komeni da, alderdien ezin besterenduzko eskubideen bermatzaileak baitira.

Arartekoak azpimarratu du bitartekaritzak gatazkan dauden alderdiei eta erkidegoari protagonismoa ematen diela edonolako arazoak konpontzeko orduan, eta horiek konpontzen laguntzen dutela, ez legez bakarrik, baizik eta baita moralki eta emozionalki.

Gatazkak konpontzen esku hartzen duen gure gizartean auzi ugari dagoenez gero, bitartekaritza landu behar da beste arlo batzuetan ere, esaterako, hezkuntza arloan, hainbat balio sustatzeko: herritarren aditzeko ahalmena, enpatia eta erantzukizuna. Hala, aurrera egin ahal izango da gizarte parte hartzaileago eta demokratikoagoa lortzeko bidean, liskarrak modu baketsuan konpontzeko bideak erabiliz.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko urtarrilaren 20a