EAE-KO ERAKUNDEEN JARDUNA NERABEEN DROGA KONTSUMOAREN ARLOAN TXOSTEN BEREZIA AURKEZTU DU

Txosten honek Eusko Legebiltzarraren eskaerari erantzuten dio, eta gizartean eztabaidatzen den eta kezka sortzen duen gai bati heltzen dio: nerabeen eta drogen arteko harremana, askotan arazoak sortzen dituena.

Kasu honetan, ez daude ezezaguna egiten zaigun kasu baten aurrean. Izan ere, aurreko hainbat ikerlanetan aztertu den gaia da, gutxienez azken 25 urteetan. Adibide gisa har dezakegu "Drogak eta Eskola" ikerlan saila, zazpigarren emanaldira iritsi dena. Argitaratutako ikerlan horietako gehienak epidemiologikoak dira eta adingabeek drogekin duten harremanaren bilakaera ezagutzeko behar diren datuak ematen dizkigute.

Arartekoaren txostenak datu horiek erabiltzen ditu, jada ezagunak direnak, baina harago joan nahi du: nagusiki, egoera horien aurrean erakundeek ematen dituzten erantzunak aztertzen ditu; emaitzak zein diren, eragileek emaitza horri buruz duten iritzia zein den, sendotu edo hobetu beharreko jarduera ildoak zein diren...

Txostenak azaltzen duen egoera, hasieran, kontraesankorra dela pentsa daiteke: erakundeek (tokiko erakundeek, ikastetxeek...) konpromiso handia dute dorgen kontsumoa -edo gutxienez drogei lotutako arriskuak- gutxitzeko helburuarekin nerabeei zuzendutako programa eta ekimenen bidez. Hala ere, urteak joan urteak etorri, kontsumoak eta arriskutsuak izan daitezkeen jarduerek berdin jarraitzen dute, eta adinaren arabera edo substantziaren arabera, kontsumoa eta jarduerak batzuetan areagotu egiten dira. Esaterako, azken ikasturteetako bakoitzean, ikastetxeetan burutu diren prebentzioko jarduerak maila guztietako 100.000 ikaslerengana heldu ziren eta 6.000 ikasle baino gehiagok hartu zuten parte. Izan ere, DBHko 2. zikloko ikasleen % 74k, edo batxilergoko ikasleen % 83k euren ikastetxeetan drogei buruzko informazioa jaso dutela adierazi dute.

Hala ere, kontsumoari buruzko datuak irmoak dira: EAEko ikasleen artean, % 28k erretzen du, nahiz eta erretzaileen ehuneko handienak (% 7,5) egunean zigarro 1etik 5 zigarrora bitarte erretzen dituela esaten duen. Gazteen % 40,5ek alkohola 40 aldiz edo gehiagotan probatu du bere bizitzan zehar. Azken urtebetean, % 24,8k maiztasun berarekin kontsumitzen jarraitu izan du, eta % 3,4k egunero hartzen du, azken hilabetean alkohola 40 aldiz edo gehiagotan edan duelako. Bizitzan zehar % 44,5ek probatu du haxixa; azken urtebetean, % 35,5ek, eta azken hilabetean, % 26k. Erretzeko ohitura duten pertsonen artean (azken hilabetean), % 8,2 cannabisaren arriskuko kontsumitzailetzat hartzeko modukoak dira. Legez kontrako drogen artean, kokainak du bigarren postua, eta gero anfetaminak daude.

Hala ere, ikasle gehienek noizbait drogak probatzen dituzten arren (batez ere tabakoa, alkohola eta cannabisa), egia da gehienek ez dutela drogak aldizka kontsumitzen jarraitzen denbora aurrera joan ahala. Hortaz, garrantzitsua da desberdintzea noizean behin kontsumitzea, maiz kontsumitzea, arrisku larriarekin kontsumitzea, mendekotasuna... Zorionez, nerabe askok ez du drogarik kontsumitzen edo noizean behin kontsumitzen du, askotan garapen prozesuari lotuta, esperimentatzeko edo taldean sartzeko, kide berdina izanik. Honek ez du esan nahi etorkizunean drogomendekotasuna duen pertsona izango denik.

Txostenak berezko izaera duten bi zati nagusi ditu: lehenengoa Datuei buruzkoa; eta bigarrena Iritziei buruzkoa, bertan jaso eta aztertu baititugu iritziak.

Txostenaren amaieran, laburpen gisa, kapitulu batzuk daude (Ondorioak ataleko 8. kapitulua edo Arartekoaren Gomendioak izeneko 9. kapitulua adibidez). Gainera, kapitulu batean (7.) Europako zenbait herrialdeetan burutu diren programen berri ematen da, jardun onen adibide modura.

Datuak delakoari dagokionez, txostenak ibilbide historiko bat egiten du gure inguruko kontsumo ereduen gainea (1. kapitulua), ondoko drogomendekotasun planen azterketa egiten du (2. kapitulua), ikasleek kontsumitzen dituzten substantziei buruzko datu nagusiak laburbiltzen ditu (3. kapitulua) eta 4. kapitulutik aurrera, argi eta garbi desberdintzen ditu esku hartzeko "eremu" eta "esparru" nagusiak. Oro har, prebentzio unibertsala eta prebentzio selektiboa. Eta, bi esparru horien barruan eskolako, familiako eta komunitateko giroak; izan ere, inguru horietan biltzen da gazte jendea nagusiki. Beraz, drogen mendetasuneko plan askotan erabili izan den egitura jarraitu da; zehazki, V. Planekoa (azterlana egin arte onartu zen azkena). Arartekoaren gomendioetan ere eskema hori jarraitu dugu nolabait.

Iritziak zatiari dagokionez, 5.3 kapitulu edo atalarentzat arreta berezia eskatu nahi dugu: Kapitulu horretan nerabeen beren ahotsa bildu dugu. Hor nerabeek hainbat eta hainbat konturen gainean duten iritzia bildu dugu: zer da haientzat prebentzioa; nor da haien ustez toxikomanoa, zergatik kontsumitzen dute; drogak lortzea erraza zaien; adinak edo sexuak kontsumoan duen eragina; nola sailkatzen dituzte drogak "haiek", nola baloratzen dute eragile sozialen esku-hartzea (polizia, eskola, familia, hedabideak¿). Gai honetan eta haiek tartean hartzen dituzten guztietan, oso garrantzitsua iruditzen zaigu adingabeen iritzia jasotzea: haien iritzia zuzenean ezagutzea.


Horrela, esate baterako, honakoen berri daukagu:

- Drogei buruzko informazioa jaso nahi dute aktiboki eta parte hartuz.
- Drogomendekotasuna duen pertsona, euren ustez, asteburuetan edo eguneroko bizitzaren erritmoa jarraitzeko drogak kontsumitzen dituena da -legezkoak zein legez kanpokoak-.
- Kontsumitzeko arrazoi nagusia aisialdia eta gozamena luzatzearena da.
- Ez dute eragozpenik kontsumitu nahi duten substantzia lortzeko.
- Euren ustez, gazteek alkohola gero eta lehenago probatzen dute.
- Kontsumitzen duen emakumea ez dute begi onez ikusten.
- Gehienak cannabisa legeztatzearen alde daude.
- Euren ustez, tabakoaren aurkako legeak ez ditu helburuak modu eraginkorrean betetzen.
- Taldean onartzen diren kontsumoei buruz eta onartzen ez direnen buruz, euren kodeak dituzte.
- Oraindik ere familia hartzen dute erreferentzia nagusitzat.
- Kontraesan handia ikusten dute helduek esaten dutenaren eta egiten dutenaren artean. Hau da, euren ustez helduek esaten dute gazteek ez dutela drogarik hartu behar, baina helduen jarrera ez dator horrekin bat.

Nolanahi ere, eta logikoa denez gero, beste gizarte eragile batzuen iritziak ere bildu ditugu (5. eta 6. kap.); besteak beste: familiak, irakasleak eta adingabeekin lotutako beste gizarte instantzia batzuk ere.

Gure ustez oso garrantzitsua da nerabeek drogak kontsumitzeko duten jarrera isolatutako fenomeno gisa ez aztertzea, gure gizarteko testuinguruan baizik.

Gure gizartean hainbat droga daude; eta, gogoan izan behar dugu, legezkotasunaren eta gizarte praktiken ikuspegitik, egoerak oso ezberdinak izan daitezkeela: Legezko eta legez kanpoko drogak daude; onartutako -eta sozialki begi onez ikusten direnak- eta debekatutako kontsumoak; adinez nagusientzako legezkoak diren kontsumo eta erosketak baina nerabeentzako legez kanpokoak direnak; kontsumoa eta salmenta araututa dagoen tokiak eta debekatuta dagoen tokiak¿ Balorazio eta praktika horiek ez daude beti kontraesanetatik salbu.

Gizarte honetan ia pertsona guztiek kontsumitzen dute drogaren bat, nahiz eta noizbehinka baino ez izan. Eta adingabekoen kontsumoari, eta bereziki nerabeenari, arreta eta ardura berezia jartzen badiegu, hainbat arrazoirengatik izango da, eta batzuk besteak baino arrazoi handiagokoak izango dira: hainbat eta lehenago kontsumitzen hasi, orduan eta okerragoak izango dira kalteak osasunean, eta, beraz, hasiera adina ahal bezain beste atzeratu behar da; nerabezaroaren adierazgarri da arriskua gutxi baloratzea edo hautematea, areago, batzuetan arriskuak erakartzen ditu nerabeak; adin horietan berdinkideen taldeko presioa oso indartsua da, eta, askotan, drogak kontsumitzea taldean sartzeko modua da, taldekide izatea lortzeko edo dem


Lotutako dokumentazioa

EAEko erakundeen jarduna nerabeen droga kontsumoaren arloan