"Emakumeen kontrako indarkeriari erakundeek emandako erantzuna EAEn" txosten berezia

Erantzun planifikatua behar da, eta beharrei eta arazoaren larritasunari doitutako arreta osoa

Emakumezkoen aurkako indarkeriak giza eskubideak larriki urratzen ditu eta, gainera, gure gizartean oso hedatuta dago. Urte askotan, errealitatea -generoa dela eta, gizarte desberdintasunekin estuki lotuta- ezkutatu egin da, baina azken urteotan gai horrekiko gizarteak duen sentiberatasuna handiagoa da.

Txosten honek helburu hau du: emakumezkoen beharrei erakundeek emandako erantzuna balioztatzea -alegia, behar horiei zenbateraino egokitzen zaien- eta, ondorioz, hobetzeko proposamenak definitzea genero-indarkeriaren egoerei aurre egiteko administrazio-egituren eta baliabide berezien ikuspuntutik: gizarte-arreta eta laguntza psikologikoa, orientabide juridikoa, aldi baterako ostatua, poliziaren babesa¿

Emakumezkoa izateagatik beraren aurka egindako indarkeri mota guztiak genero-indarkeriatzat jotzen dira. Munduan azalpen ugari eta anitzak ditu: abortu selektibotik edo neskak hiltzetik hasita, emakumezkoak salerosi arte; alde batera utzi gabe emakumezkoaren ebaketa genitalak, sexu-esklabotasuna edota etxeko esklabotasuna...

Emakumezkoari giza eskubide batzuk besteak baino gehiago urratzen zaizkio gure kultur eta gizarte-eremuan. Urratze horien artean, etxeko indarkeria deitzen zaio bizikidetasun-harremanaren esparruan nahiz eta harremana bukatua izan- emakumezkoek jasaten dituen erasoei, haien segurtasun fisikoa, psikikoa edota sexuala arriskuan jartzen dutenei.

Beraz, txosten honek gure gizarte-eremuan emakumezkoaren aurka gauzatzen den indarkeriaren zati bat aztertu du, erlazio afektiboen esparruan sortzen dena, hain zuzen ere. Baina hemen ez dugu gizarte-arazo hori aztertuko, baizik eta erakundeek ematen dioten erantzuna.

Une honetan erakunde publikoek arreta eta erantzuna batik bat indarkeria mota horri ematen diotelako hautatu da hori. Beste modu batera esanda, hasieran, sexu-indarkeria jasan duen edozein emakumezkok zerbitzuetara jotzeko aukera badu ere, elkarrekin bizi direnean edo bizi izan direnean tratu txarrak jasan dituzten emakumezkoak bakarrik joaten dira. Emakumezkoek ezezagunen sexu-erasoak jasaten dituztenean, oso gutxitan eta zerbitzu jakin batzuetara jotzen dute, batez ere laguntza psikologikoaren edota juridikoaren bila.

Txosten honen aztergaia arrazoiek baino gehiago -emakumezkoaren aurkako indarkeria- ondorioek -ostatua eskatzea, laguntza psikologikoa, etab.- zehazten dutela argitu dugu. Halaber, honakoa azpimarratzea komenigarria litzateke: harreman afektiboen esparruko indarkeria deitu duguna norainokoa den ez dago neurtzerik erakundeei eskatutako laguntzaren arabera, oso kasu bakanetan eskatzen baita.

Azterketaren xedea mugatu ostean, berriro adierazi nahi dugu txosten honen berehalako helburua indarkeria jasan duten emakumeei erakunde publikoek ematen dieten laguntza hobetzea dela, prebentzioa gehitzeko, kalteak murrizteko eta, nolabait, indarkeria sortzen duten gizarte-egitura eta pentsamoldea aldatzen laguntzeko.

Txostena gauzatzeko, batez ere, hiru informazio-iturri edo bide erabili dira:

  1. Erakundeek eta zerbitzuek emandako datuak eta dokumentazioa: foru-aldundiek, udalek, Ertzaintzak, udaltzaingoek, Emakundek¿
  2. Zerbitzuetara egindako bisitak eta elkarrizketak: gizarte-zerbitzu espezializatuak polizia zerbitzuak, laguntza psikologikoaren eta orientabide juridikoaren zerbitzuak...
  3. Genero-indarkeria jasan duten 54 emakumeri egindako elkarrizketak. Aipatu emakumeek zerbitzuak erabili dituzte, eta zein behar dituzten eta jasotako laguntzaz zein iritzi duten jakin nahi izan dugu.

Ez da ahaztu behar erakundeek tratu txarrei emandako erantzuna oraindik berri samarra dela eta etengabe aldatuz doala, hobetzea helburu duten ekimen berriak egiten baitira. Txostenak une zehatz baten "argazki finkoa" islatzen du, hain zuzen ere, informazioa bildu zen unekoa (2002 urtea eta 2003ko urtarrila). Gai zehatzetan azken urteetako (1997-2001 bitarteko) garapena ere eskaintzen du. Baina ezin ditu bere baitan hartu geroago sortu diren ekimenak edo epe laburrean aplikatu asmo direnak.

ALDERIK KEZKAGARRIENAK

  1. Ez dago beharrei eta arazoaren larritasunari doitutako erantzun planifikaturik, arreta osorik. Erakunde bakoitzak duen sentiberatasunaren edo ekimenaren baitan daude baliabideak.
  2. Ez dago nahikoa datu errealitatea doi-doi ezagutzeko, ez baitago irizpide komunik datuak biltzeko orduan.
  3. Laguntza eskaintzeko orduan, alde garrantzitsuak daude toki batzuen eta besteen artean, udalerri edo lurralde historikoen arabera.
  4. Badira aparteko ahultasun-egoeran dauden emakumeen taldeak, baina ez daukate zerbitzu batzuk erabiltzeko aukerarik: emakumeak toxikomanoak, gaixo mentalak, ezgaituak edo inmigranteak.
  5. Ostatatzeko baliabide asko ez dira egokiak eta ez dituzte segurtasun baldintzak betetzen.
  6. Programak erabiltzeko mugak: horien trabak, kokapena edo horietara iristeko baldintzak.
  7. Itxaroteko zerrendak daude zerbitzu jakin batzuk jasotzeko.
  8. Koordinazio-bideak ahulak dira edo udalerrian ez dago ekintza koordinatuak gauzatzeko protokolorik.
  9. Badira oraindik bete gabeko beharrak, kaltetutako emakumeen balioztapen eta proposamenen arabera. Adibidez, lan merkatuan sartzea edo etxebizitza.
  10. Ez dira nahikoa tratu txarrak jasan dituzten emakumeen segurtasuna bermatzeko babes-neurriak.

GOMENDIOAK

Txostenean guztira 29 gomendio egin dira:

  1. genero-berdintasunaren ikuspegia politika guztietan sartzea;
  2. genero-indarkeria oso-osorik lantzea;
  3. sentsibilizazio-lanak indartzea;
  4. adituen trebakuntza hobetzea;
  5. irizpideak bateratzea eta datuak sistematizatzea;
  6. praktikak ebaluatzea eta adierazle egokiak diseinatzea;
  7. arreta-zerbitzu berezien helburua zehatz-mehatz definitzea;
  8. laguntzak bateratzea;
  9. zerbitzuen artean koordinazioa hobetzea;
  10. etxebizitza eta enplegua lortzeko neurriak edo baliabideak garatzea;
  11. ahultasun-egoera berezian dauden emakumezkoei (inmigranteei, minusbaliotasunen bat dutenei, gaixotasun mentalak dituztenei, toxikomani arazoak dituztenei¿) laguntza handiagoa eskaintzea;
  12. arreta-zerbitzuak deszentralizatzea;
  13. aldez aurretik salaketa aurkeztu behar dela dioen baldintza kentzea eta zerbitzuak berehala erabiltzeko aukerak erraztea;
  14. itxaroteko zerrendak murriztea;
  15. ostatatze-baliabideen kalitatea dibertsifikatu eta hobetzea;
  16. baliabideak gehitzea;
  17. bete behar dituzten gutxieneko baldintzak arautzea;
  18. tratamenduen gehieneko iraupena malgutzea;
  19. zerbitzuak erabiltzaileei hurbiltzea;
  20. erasotzaileentzako tratamendu-programak indartzea;
  21. zerbitzua behar duten pertsonei erabiltzeko erraztasunak ematea;
  22. laguntza juridikoa emateko zerbitzu berriaren jarduera egokia bermatzea;
  23. hasierako arreta eta lehen unean eskainitako informazioa hobetzea;
  24. polizien artean "Erakundeen arteko protokoloa" hedatzea, prestakuntza erraztea, eta beren jokaerei buruzko jarraipena egitea;
  25. eraso-arriskua murrizteko, kokapen- eta babes-sistemak garatzea;
  26. datuen erregistro- eta babes-sistemak hobetzea;
  27. datu-erregistroak hobetu eta bateratzea;
  28. larrialdiko gizarte-zerbitzuak indartzea;
  29. erakundeen erantzuna arintzea.

Genero-indarkeria -batzuetan ezaguna, besteetan, berriz, isilpekoa- emakumezkoengan eragina duen errealitate tristea da. Batzuengan eragina oso sendoa da eta beren bizitzan oso ondorio larriak izan ohi ditu. Eskura dituzten bitarteko guztiak erabiliz, erakundeen ekintza egoera horiek prebenitzera bideratu behar da. Gertatzen direnean, berriz, ondorioak arindu behar dira eta, horretarako, baliabideak eta zerbitzuak pertsona kaltetuaren beharretara egokitu behar dira. Txosten honen helburua horretan laguntzea da eta jarraipen-ekintzak ere bide horretatik bideratuko dira. Ildo horri jarraiki, Emakunderekin lankidetzan jarraituko dugu.

 

Vitoria-Gasteiz, 2004ko urtarrilaren 29a